Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte arteko ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago eta ikasleek modu partikularrean, taldeka edo ikastetxearekin hartzen ahal dute parte.
Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte, banaka edo taldeka. Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzak aurkeztu beharreko lanak hauek dira:
- LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte. Egitekoaren adibide gisa bideo hau prestatu dute.
- DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte. Egitekoaren adibide gisa bideo hau prestatu dute.
- DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketen. Egitekoaren adibide gisa bideo hau prestatu dute.
Lanak bidaltzeko epea irekia dago jada, eta urriaren 31ra arte egonen da irekia. Sari banaketa, ekitaldia, berriz, Leitzako Herri Aretoan eginen dute azaroaren 28an.
Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izanen du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira denetara 2.000 euro banatuko dituzte. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokan edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean eta Gure Zirkuan trukatu ahal izanen da.
Iaz erraterako, 260 lan aurkeztu zituzten lehiaketara eta publikoaren sarirako 4.200 lagunek baino gehiagok bozkatu zuten.