Bertze urte batez, Usategietako Tradizioaren besta ospatuko dute Lizarietako lepoan, Sara eta Etxalar herriak elkartzen diren tokian, bi herrietako usazaleek antolaturik. Bi herrietan bizirik irauten duen Usategietako jarduera ezagutzera eman eta elkarrekin besta egun eder bat gozatzeko aukera izanen da irailaren 28an, igandean. Bazkarirako txartelak irailaren 21era arte eskura daitezke ohiko lekuetan: Saran Pleka trinketean, Herriko Edantegian eta Hordago Ostatuan, eta Etxalarren, berriz, Herriko Okindegian eta Lizarietako Bentan.
Egitarau zabala irailaren 28an
Ohiko moduan, Usategietako tradizioaren besta abiatzeko, makila egite erakustaldia eta tresna zaharren erakusketa izanen dira iraileko azken igandean, goiz osoan. 11:30ean X. Munduko Makila botatze txapelketa eginen da: Helduen maila eta gazteena (13-16 urte) izanen dira. Nahi duenarentzat makila botatzea probatzeko aukera ere eskainiko da. Makila (paleta edo karrotea ere erraten zaiona), usazaleen lanerako tresna da. 12:30ean Sarako eta Etxalarko alkateek 2011ko irailaren 4ko Hitzarmenaren sinadura berrestea eginen dute. 14:00etan bazkaria izanen da; zirietan erretako aratxe haragia, Beñat Mitxelena musikariak lagundurik.