Beran egin dute aurtengo kanpainaren aurkezpena eta bertan izan dira mankomunitateko ordezkariak, zein euskaltegiko irakasleak eta ikasleak.
Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak hartu du hitza lehendabiziko. Mankomunitateak euskara ikastea denon eskura egon dadin duen «konpromisoa» berretsi du: «Bortzirietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek %100eko dirulaguntza dute euskara ikasteko eta gainera dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturte hasieran hartzen ahal dute». Nabarmendu du mankomunitateak «ahalik eta erraztasun gehien» eman nahi dituela egoera ekonomikoa eragozpena izan ez dadin. «Euskara ikastea herritar guztien eskubidea da eta doakotasunak bermatuta egon beharko luke». Euskara ez dakiten herritarrak zein euskaraz zerbait dakitenak, denak animatu ditu euskaltegira Mitxelenak.
Bortzirietan euskara ikastaroak %100 finantzatzen ditu mankomunitateak
Dirulaguntzaren inguruko xehetasunak ere eman ditu lehendakariak: «Bortzirietako eredua berezia da, 700 eurora arteko mugarekin, ikastaroa hasi eta berehala ordaindutakoaren %75 bueltatzea eskatzen ahala da. Gainerako %25a ikasturte akabailan hartzen da, bertaratzea eta aprobetxamendua egiaztatzen direnean».
Monika Agirre Bortzirietako Ika euskaltegiko irakasleak hartu du segidan hitza. Euskaltegian A1 mailatik C1 maila arteko ikastaroak eskaintzen dituztela azaldu du. «Bi eredu ditugu: presentziala edo aurrez aurrekoa eta normalean lau ordutako lan martxa izaten da, astean bi egunetan banatuta. Online aukera ere badugu, klasera etortzen ahal ez direnentzat aproposagoa. Erdi presentziala ere egin izan dugu, eta ikasleen beharretara egokitzen saiatzen gara».
Ikastaroen nondik norakoak ere azaldu ditu: «Klaseetan ikastaro hurbilak eskaintzen ditugu lagun eta familia girokoak, eta horretan saiatzen gara. Ahalik eta hobekien egokitzen ikasleei, euskara ikasi bai, baina ongi pasatu ere bai. Hori da gure leloa».
Aurkezpena bukatzeko Elisabet Cantero Torres eta Pedro José Riquelme López euskara ikasleek hartu dute hitza. Euskararekin duten harremanaz eta euskaltegian izandako esperientziaz mintzatu dira. Gainera, euskara lantzeko segitzeko konpromisoa berretsi eta herritarrak euskaltegira animatu dituzte.
Bortzirietako IKA euskaltegian izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da. Gainera, matrikulazio kanpaina girotzeko ortziralean, hilaren 19an, Maite Larbururen kontzertua izanen da 20:00etan Berako Kultur Etxean.
