Enpresako langileak, langile izandakoak eta inguruko herrietako herritarrak bildu ziren Alkaiagara. Besta hasteko Aurtizko joaldunak aritu ziren joareak jotzen eta segidan aurreskua eta Ezpatadantza dantzatu zituzten Leitzako dantzariek.
Ondotik, herri kirol erakustaldia egin zuten eta jende aunitz bildu zen kirolarien jarduna segitzera. Arpanean Leire Arraztoa eta Irune Biurrun, Eider Urrutiaren eta Nerea Sarratearen kontra aritu ziren eta lehen bikotea gailendu zen. Ondotik, Kerman Pérez de Herediak txingekin erakustaldia egin zuen.
Ikusmin handiena piztu zuena aizkolarien jarduna izan zen, inoiz egin gabeko ikuskizuna egin baitzuten Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumezko eta gizonezko txapeldunek. Julen Alberdi Txikia IV. eta Nerea Arruti gipuzkoarrak nagusitu ziren, bigarren lekuan sailkatu ziren Hodei Ezpeleta Bihurri II eta Karmele Gisasola Zelai III. Azken lekua, berriz, Nafarroako ordezkarientzat izan zen, Nerea Sorondorentzat eta Iker Vicenterentzat.
Besta borobiltzeko pintxoak banatu zituzten hurbildu zirenentzat, eta ondotik bazkaria egin zuten.