'Sorgin zahar berriek' musikala igandean eskainiko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

'Sorgin zahar berriek' ikuskizunak bazterketa, desberdintasuna eta erresistentziari buruzko istorio bat kontatzen du.

Sorgin zahar berriek musikala eskainiko dute irailaren 28an, igandean 19:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean. Elizondo Abesbatza Ttikiren ikuskizuna da eta Iruritako dantzariek, Ainara Unanuak eta Majoxko taldeak ere parte hartuko dute. Sarrerak 10 eurotan salgai daude Lesakako udalaren webgunean eta egunean berean ere kultur etxeko sarreran har daitezke.

Sorgin zahar berriek

Ikuskizun honek bazterketa, desberdintasuna eta erresistentziari buruzko istorio bat kontatzen du. Hiru neska gazte (Gorri, Bixkor eta Errebel) tribu baten barrenean bertzelako sentitzen dira, eta horregatik irainduta eta baztertuta bizi behar dute. Hala ere, elkarren indarraz eta bertze pertsonaia batzuen laguntzaz, beren ahotsa aurkitzen dute eta beren bidea egiten hasten dira.

Narratzailearen begiradatik, publikoak umorea, hausnarketa eta musikaren indarra uztartzen dituen bidaia bat biziko du. Maskarak, dantzak eta kantek lagunduta, neska hauek “sorgin berri” bihurtzen dira, injustiziaren aitzinean altxatzen direnak. Azkenean, elkartasunaren eta errespetuaren bidez, mundu berri baten aukera agertzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun