[ARGAZKIAK] Azken agurra egin diote Karlos Santiagori Agiñan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 15a

Karlos Santiago Etxeberria zenari omenaldi hunkigarria egin zioten larunbat goizean Agiñan. Abuztuaren 21ean hil zen Pirinioetan Carlit mendian, 67 urte zituela. Lesakako eta Bidasoaldeko hainbat lagun elkartu zen Aita Donostiaren monumentuaren inguruan eta aurresku, kantu, bertso, musika eta dantzen bidez gogoratu zuten. Gero, Kontxi Erro bide lagunaren eskutik, bere errautsak hedatu zituzten Agiñan. Argazkiak: Aitziber Arnaiz



Irunen sortua, Irungo Mendizaleak elkarteko kidea zen Karlos Santiago Etxeberria. Kontxi Erro lesakarrarekin elkartu zenean Lesakara joan zen bizitzera eta guztiz integratu zen Lesakako kultura, hezkuntza eta politika bizitzan. Izan ere, Tantirumairu ikastolako irakaslea izan zen, Arrano elkarteko bazkide eta udaleko zinegotzia. Kepa Ordoki-Bidasoan Memoria Historikoa taldeko kide aktiboa ere bazen. Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea izan zen Donostian erretiroa hartu arte. Azken urteetan Hondarribira bizitzera joan zen, bere konpromiso sozial eta kulturalak alde batera utzi gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun