Bestak 2025

Igantziko bestetarako joateko Bestabusa irailaren 27an izanen da

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 13a

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak aste honetan jakinarazi du Igantziko bestetan izanen den bestabus zerbitzua nola izanen den. Irailaren 27an, larunbatarekin, izanen da.

Autobus batek Bera-Lesaka-Etxalar-Igantzi bidea eginen du eta bertzea Arantzatik Igantzira joanen da.

Bera-Lesaka-Etxalar-Igantzi

Berako Toki Onatik 20:45ean eta 22:15ean aterako dira autobusak, eta Agerran geldialdia egin ondotik, 21:00etarako eta 22:30erako ailegatuko dira Lesakako suhiltzaileen parkera. Handik Etxalarrera joanen dira eta han, Landaburu paretik, 21:15ean eta 22:45ean aterako dira Igantzira joateko.

Bueltarako autobusak Igantziko garai bateko bakailao fabrika paretik aterako dira, 04:00etan, 05:00etan eta 06:30ean. Igantzitik Etxalarrera joanen dira autobusak, ondotik Lesakara eta azken geldialdia Beran eginen dute.

Arantza-Igantzi

Arantzatik doazenek aparkalekuan hartu beharko dute autobusa, 21:00etan, 22:00etan edo 23:00etan, eta zuzenean Igantzira joanen dira. Igantzitik Arantzara joanen diren autobusak, berriz, 03:30ean, 04:30ean eta 06:00etan aterako dira garai bateko bakailao fabrikatik.

15 urtetik goitikoentzat

Joan-etorria bortz euro ordaindu beharko da. Gainerakoan, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak oroitarazi du, autobus zerbitzua 15 urtetik goitikoentzat dela, eta adin ttikiko guziek baimena beharko dutela erabiltzeko. Baimena herri bakoitzeko herriko etxean edo www.bortziriakgz.eus atarian lortzen ahal da, eta ondotik, Bortzirietako herriko etxeren batean edo gizarte zerbitzuen egoitza elektronikoan aurkezten ahal da. Baimena 2025ean antolatutako autobus zerbitzu guzientzat baliagarria da.

Baimena sinatuta «gurasoek euren adin ttikiko seme edo alabarengan duten ardura» zein den oroitarazi nahi du mankomunitateak, «eurek izanen baitira erantzule». Horrekin batera, «besta giroaz, besta egiteko moduaz, arriskuez, babes neurriez, mugez... familian solastatzeko» deia egin du.

Gisa berean, argi utzi dute ez dutela errespetu faltarik onartuko, ez lanean ari direnekiko, ez bertze bidaiariekiko, ezta autobusaren kontra ere. Zerbitzu honen helburua «besta giroko joan-etorrietan arriskuak murriztea» da, «ibilgailua hartzea saihestuz, kontsumitu dutenen ibilgailuak hartzea saihestuz, familietan itzulera orduak adostuz eta etxerako itzulera nola egin aurreikusiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun