UXURI PORTU

«Banaka ere trialean munduko txapeldun izatea dut helburu»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 13a

Uxuri Portu mundialean lortu zituen bi dominekin: urrea taldeka eta brontzea 11-13 urteko nesken kategorian.

Uxuri PORTU CRESPO, 12 urteko txirrindulari lesakarra.

Lesakako Irain eskolan ikasi ondotik, Berako Toki Ona institutuan DBH1 ikasten hasi berria da Uxuri Portu Crespo (Lesaka, 2013ko ekainaren 5ean sortua). Hamabi urte bete berriak ditu, beraz, baina laugarren urtez segidan trialean munduko txapeldun izan da Espainiako selekzioarekin eta 11-13 urteko nesken artean izan da banaka, onena bere adinean.

Noiz hasi zinen trialaren munduan? 

Lau urterekin aitak erosi berri zuen trialeko bizikleta handi batekin hasi nintzen. Bortz urterekin nire lehen trialeko bizikleta erosi zidaten eta segituan hasi nintzen txapelketetan. Ttikitatik izan naiz hagitz lehiakorra eta txapelketak gustatu zaizkit. 

Bizikleta kontrolpean edukitzeaz gain, zer gehiago behar da trialean ongi aritzeko? 

Hasieran pazientzia dexente behar da, ttikitan bizikletarekin aurrerapenak egitea nahiko zaila delako. Gero, ordu aunitz sartu behar dira entrenatzen, eta burua ere hagitz garrantzitsua da, txapelketetan nerbioei aurre egiten jakiteko. 

Lesakako instalazioak aski dira zure entrenamenduetarako edo kanpora ere joan behar izaten duzu? 

Lesakan eraiki genuen trial parke ttikia ongi zegoen ttikitan hasi nintzenean entrenatzeko eta orain noizbehinka entrenamendu ttiki bat egiteko, baina serioago entrenatu behar dudanean, kanpora joan behar izaten dut, Aretxabaletara, Lukora edo Lizarrara. Astean bi edo hiru egunetan entrenatzen saiatzen naiz, baina aunitzetan ez da posible izaten eguraldiarengatik. 

Zertan hobetu behar duzula iruditzen zaizu? 

Teknikoki nire adinerako nahiko maila ona daukat, baina gehienbat txapelketetara konfiantza gehiagorekin eta urduritasun guttiagorekin joatea lortu behar dut. 

«Burua hagitz garrantzitsua da nerbioei kontra egiteko»

Konpetitzeko ere harat eta honat mugitu beharra, ez zara nekatzen?

Bai, bidaiak luzeak izaten dira Espainiako eta munduko txapelketetan. Espainiako kopa eta txapelketetarako asteburuak bakarrik ibiltzen ditugu eta gogorra izaten da, adibidez, bizpahiru egunez Cartagenara jautsi, lehiatu eta berriz ere igotzea. Txapelketa horietara normalean aitarekin bakarrik joaten naiz autokarabanan. Munduko txapelketetara joateko, uztail bukaera aldera izaten direnez, 15 egun opor hartzen dituzte gurasoek eta familia osoa joaten gara, lehen astean txapelketaz gozatzera eta bigarren astean turismo pixka bat egitera. 

Palmaresari dagokionez, Nafarroako txapelketa eta Espainiako txapelketa eta kopa irabazia zara…

Nafarroako txapelketan normalean ez dago neska gehiagorik, eta mutilen aurka aritu izan naiz, baita garaipenen bat lortu ere. Espainiako txapelketan ere, egun bakarreko txapelketa nagusia, nesken txapelketa ofiziala izateko, hiru neska behar dira. Sei urterekin lehen aldiz aurkeztu eta 6-8 urte bitarteko kategoria atera zen eta txapeldun suertatu nintzen. Ondotik, urte pare batez neska onena izan nintzen baina ez zen kategoriarik atera. 9, 10 eta 11 urte nituenean, neska gehiago aritu ziren eta kategoria ofizialak atera eta irabazi nituen. Aurten, 12 urterekin, kategoria berrian, 12- 15 urte bitartekoa, bigarren geratu naiz. Espainiako kopari dagokionez, lauzpabortz karreraz osatutako txapelketa, azken lau urteetan atera da nire kategoria eta lauetan garaipena eskuratzea lortu dut. Txapelketa gehienak Cartagenan, Guadalix de la Sierran, Caspen, Cambrilsen eta Lizarran izaten dira.

Uxuri Portu, azkeneko munduko txapelketan lehian.

Eta munduko gazte txapelketan, azken lau urtetan munduko txapeldun taldeka Espainiako selekzioarekin… Estatu mailan, maila handia dagoela erakusten du horrek, ez?

Bai, Espainia trialean munduko potentziarik handiena da, bai gazteen mailan, baita elite mailan ere. Jokatu berri dugun gazteen munduko txapelketan, taldekako urreaz gain, bakarkako saioetan jokoan zeuden 21 dominatatik, Espainiak 12  lortu zituen. Bigarren izandakoak hiru lortu zituen. 

Espainiako selekzioarekin laugarren urtez segidan munduko txapeldun izan da Uxuri Portu. Japonia eta Alemania utzi zituzten gibelean.

Banaka ere beti podiumean edo inguruan, hirugarren, laugarren, bigarren… beharbada banaka ere munduko txapeldun ez izatea da zure “arantzatxoa”. Hori duzu helburu?

Bai, horrela da. Munduko txapelketa guztietan finalerdiak hagitz ongi egin izan ditut eta irabazi, baina finaletan hagitz urduri jarri eta akats ttiki batzuengatik ez dut inoiz lehen postua lortu, maila hagitz altua eta berdintasun handia dagoelako txapelketa honetan. Espero dut hurrengo urteren batean bakarkako munduko txapelketa lortu ahal izatea.

Lortzetik urrun ere ez zaude… Aurten, finalerdietako puntuaziorik onenarekin sartu zinen finalean… Urduritasunak alde batera utzita, iruditzen zaizu lortzen ahal duzula?

Bai, finalerdietan beti lortu dut puntuaziorik onena, eta finalak nahiko gaizki egin arren, hurbil geratzea lortu dut. Beraz, espero dut hurrengo mundialen batetik bakarkako urrearekin bueltatzea Lesakara.

Uxuri Portu hirugarren, 11-13 urteko nesken kategoriako mundialeko podiumean. Gazteena zen.

Trialaz aparte, txirrindularitzaren bertze modalitateren bat gustuko duzu (jautsierak, mendi bizikleta, errepidea…) Edo bertze kirolen bat gustatzen zaizu?

Bizikletarekin zerikusia duen guztia hagitz gustuko dut. Modalitate gehienak probatu ditut, mendi bizikleta, bmx-a, jautsierak, errepidea... eta denak ditut gustuko, baina triala dut gustukoen eta bertzeetan aritzeko denbora gutti. Orokorrean, kirol guztiak gustatzen zaizkit, baina bizikletarekin zerikusia dutenak gehien.

Pentsatzen dut ikasgelako neska-mutiko gehienak futbolean edo pilotan ariko direla, zer diote zure kirolari buruz? Ezagutzen dute?

Bai, lagunak kirol “normalagoetan” aritzen dira eta triala arraroa egiten zaie. Eskolan eta herrian erakustaldiren bat egin izan dut eta horrela ezagutu dute nire kirola nolakoa den, baina ez da inor egitera animatzen.

Kirolaz aparte bertze afiziorik? Aurten sanferminetako programako kontrazal lehiaketa irabazi duzu, beraz, marrazten eta margotzen ere ongi moldatzen zarela erran daiteke?

Sorpresa handi bat izan zen niretzat kontrazal lehiaketa irabaztea, ez bainuen batere espero, ez naizelako hagitz abila marrazten, baina badirudi lesakarrei gustatu zitzaiela nire proposamena.

Handitzean, zer izan nahi zenuke? Trialean profesionalki segitzea gustatuko litzaizuke? Hori posible da?

Trialean elite mailan aritzea aunitz gustatuko litzaidake. Trialaren munduan, horretatik bizitzea ia ezinezkoa da. Elite mailan daudenek, beraiek lortutako babesle batzuei esker eta trialeko klaseak ematen soldataren bat ateratzea lor dezakete, baina hagitz zaila da, aunitz bidaiatu behar baita munduan barna eta hagitz garestia baita.

Bertzerik?

Triala kirol nahiko ezezaguna izan arren, hagitz dibertigarria da eta mundu osoan lagun pila bat egiten da. Bizikleta gustuko duten haur eta gazte guztiak triala probatzera animatuko nituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun