Transportes Bidasoa enpresaren 50. urteurrena ospatuko dute larunbatean Alkaiagan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 11

Transportes Bidasoa garraio enpresa 1975ean sortu zen eta 50. urteurreneko besta eginen dute larunbatean Alkaiagan.

Transportes Bidasoa garraio enpresaren 50. urteurrena dela eta, ospakizun eguna antolatu dute bazkideek eta lagunek irailaren 13an Alkagaian. Dantzariak, herri kirol saio berezia eta bazkaria izanen dute.

Egitarauari dagokionez, larunbatean 11:00etan Aurreskua dantzatuko dute eta ongietorria hurbildutako guztiei. 11:15ean Leitzako dantzariek Ezpata dantza dantzatuko dute. 11:45ean herri kirol saioa hasiko da. Lehenik emakumeak ariko dira arpanarekin, Iruritako Leire Arraztoa eta Antsoaingo Irune Biurrun, Arraiozko Eider Urrutiaren eta Almandozko Nerea Sarratearen kontra. Zortzi ebaki egin beharko dituzte, bi txandatan.

Bi txanden, txinga eramate erakustaldia eginen du Kerman Perez de Herediak, Euskal Herriko txapeldunak, 50 kiloko txingekin.

 

Aizkoran, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko emakume eta gizonezko txapeldunak lehia mistoan

Gero, inoiz egin ez den aizkora proba mistoa jokatuko dute Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizonezkoen eta emakumeen txapelketetako txapeldunek. Honela, Otsagabiko Iker Vicente eta Berako Nerea Sorondo (Nafarroako txapeldunak), Julen Alberdi Txikia IV.a eta Nerea Arruti (Gipuzkoako txapeldunak) eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a eta Karmele Gisasola Zelai III.a (Bizkaiko txapeldunak) ariko dira. Bikote bakoitzak hamabina enbor moztu beharko ditu: emakumeek lau 45 ontzako eta gizonezkoek zortzi kanaerdiko. 13:00etan pintxoak izanen dituzte eta 14:00etan, Transportes Bidasoako bazkide eta gonbidatuentzako bazkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun