Bestak 2025

Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte bestak Berako Illekueta auzoan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 11

Illekuetako auzotarrek bestak dituzte irailaren 13an eta 14an. Altxaferoa larunbat eguerdian botako dute eta igande ilunabarrean, pintxo dastaketarekin, emanen diete akabera

Irailaren 13an, larunbatean, 12:00etan botako dute altxaferoa Konpaneko zubitik eta segidan erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan gaiteroekin. 13:00etan, berriz, herri kirol saioa eginen dute. Hori bukatzean, auzotarren arteko bazkaria izanen dute karrikan.

Bazkalondoan, 16:30ean haurrentzako jokoak izanen dituzte. Segidan, 18:00etan mus txapelketa izanen da Auzoan. Izen ematea 17:30ean hasiko da eta auzo bazkariko parte hartzaileek 10 euroren truke egiten ahal dute, bazkarian ez daudenek, berriz, 20 euroren truke. Sari ederrak izanen dira irabazleentzat. Lehenengo bikoteak 150 euro hartuko ditu, bigarrenak bi otordu Auzoan eta bi botila ardo eta hirugarrenak bi botila ardo eta gasna bat.

19:00etan Bera Kantarikoak ariko dira auzoan barna kantuan. 20:30ean zezensuzkoa izanen dute eta, borobiltzeko, dantzaldia izanen da 21:00etan DJ Perryrekin. 

Igandean gehiago

Igandean izanen dute segida bestek 12:00etan eginen duten auzo mezarekin. Gero, 12:30ean, Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna izanen da. 16:00etan haurrentzako jokoak eginen dituzte eta 18:30ean Txaborro Magoak Gezur gehiegi ikuskizuna taularatuko du.

Bestak borobiltzeko, 20:30ean pintxo dastaketa izanen da. Pintxoak eraman nahi dituztenek, 20:00ak baino lehen utzi beharko dituzte txosnan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun