Atzo egindako bileran Aitor Elexpuru alkatea eta Esteban Agirre zinegotziak hartu zuten hitza. Herritarrei azaldu dietenez, lanen helburua «sareak eta azpiegiturak erabat berritzea da, antzinatasunagatik egoera txarrean daudelako». Horrekin batera, zeharbideko espaloiak erabat berrituko dituzte gaur egungo irisgarritasun irizpideetara egokitzeko. Sasoi enpresak eginen ditu lanak.
Lanek urtebeteko iraupena izanen dutela aurreikusi dute
Obrak bi fasetan eginen dituzte. Lehenengo fasea izanen da luzeena, Eztegara eta Iparraldea karriken artean eginen dutena. Aurreikuspenen arabera, 140 egun beharko dituzte lan horiek egiteko, 28 aste denera, eta apirilaren erdialderako bukatu asmo dituzte.
Bigarren fasea, berriz, 20 astez egitea aurreikusi dute, eta apirilean hasi eta irailean bukatuko lituzkete lanak. Ondotik, azken fase bat eginen dute azken xehetasunak egiteko eta hori lau astetan egin asmo dute. Hala ere, bileran oroitarazi zuten data horiek aurreikuspenak direla, eta eguraldia edo bertze faktore batzuk tarteko epeak luzatzen ahal direla.
Pasabide alternatiboak
Lanak egin bitartean, ibilgailuak eta txirrindulariak ezinen dira Altzaten ibili eta honako bide alternatibo hau erabili beharko dute: Eztegara pasealekuan, Errekalde parean, Mukixu zubia gurutzatu; handik, Julio Caro Baroja pasealekuan barna Ugalzubia karrika gurutzatu, eta Matzada karrika eta Illekueta karrikatik NA-4410 errepidera aterako dira ibilgailuak.
Ibilgailu astunek ezin izanen dute ibilibide alternatibo hori erabili eta beraz, ezinen dute herrigunea gurutzatu Ibardinera eta Lizuniagara joateko. Ibilbide alternatibo horrez gain, bertze hainbat ere prestatuko dituzte auzotarrek erabiltzeko.