Osasun aholkuak

Bronkiolitisari buruzko aholkuak eman ditu Lesakako Osasun Etxeak

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 6a

Argazkia: Freepik.

Irailean sartuta, bronkiolitis akutua hartu du hizpide Lesakako Osasun Zentroak.

Bronkiolitis akutua «bi urtetik beherako haurrei eragiten dien arnas infekzio birikoa» dela esplikatu du Lesakako Osasun Zentroak, «neguan» izan ohi dela, «eztula eta mukiekin hasita». Gaineratu duenez, «bi-lau egun pasatu ondotik, eztula okertu egiten da eta arnasa hartzeko zailtasuna agertzen ahal da: arnasa agudo, aztoratua eta bularreko soinuak, txistuak adibidez». Bertze sintometako bat «haurra suminkor egotea» izaten da, baita «guttiago jatea eta sukarra izatea» ere. «Kasu gehienak arinak izaten dira, hala ere, sintomek hiruzpalau aste iraun dezakete».

Tratamendua

Lesakako Osasun Zentroak argitu du «ez dagoela bronkiolitisa sendatzen duen botikarik. Etxean egindako zainketa orokorra egin behar da, sintomak arintzeko».

Zer egin?

Bronkiolitis akutua izanez gero, zer egin jakiteko aholku hauek eman ditu osasun etxeak:

  • Haurraren sudurra garbi mantendu, batez ere jan eta ohatzera joan aitzinetik.
  • Xurgatze arina egin daiteke sudurra garbitu ondotik, arnasteko zailtasunarekin segituz gero.
  • Haurra erdi altxatuta mantendu.
  • Janaldi ttikiagoak eta maizago egin.
Larrialdietara noiz jo?

Kasu hauetan larrialdietara joan beharko litzateke, Lesakako Osasun Etxearen arabera:

  • Sudurra garbitu arren, arnasa hartzeko zailtasuna handitzen bada.
  • Arnasa, gero eta azkarragoa bada.
  • Bularra edo sabelaldea hondoratzen bada.
  • Arnasketan etenaldi luzeak egiten baditu.
  • Ezpainak urdinxkak baldin baditu.
  • Suminkor edo erdi lo baldin badago.
  • Jaterakoan aunitz nekatzen bada, jaten ez badu edo goitika botatzen badu.
Prebentzio neurriak

Prebentzio neurri hauek ere proposatu ditu:

  • Bularra ematen segitu.
  • Espazio itxi eta jendetsuak saihestu.
  • Arnas infekzioa duen jendearekin harremanetan ez jarri.
  • Eskuak maiz garbitu.
  • Negu aldean jaiotakoei VRSaren kontrako antigorputz monoklonala eskaini.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun