Joxe Fagoaga

«Lehen ez ginen ongi bizi baina orain ere mundua ez doa bide onetik»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 6a

Joxe Fagoaga Goia etxeko terrazan.

Joxe FAGOAGA GOIA, 99 urteko alkaiagarra

Duela 99 urte Alkaiagan sortua da Fagoaga, eta hantxe segitzen du orain ere. Gerrako eta gerra ondoko kontuak ongi aski ordenatuak ditu buruan, eta aktualitateari ere hurbiletik erreparatzen dio.

1926ko ekainaren 7an Alkaiagako Borda etxean sortua da Joxe Fagoaga Goia. Sei senidetan zaharrena da eta sei bat urterekin aitaren sortetxera joan zen bizitzera familiarekin, Iparragirre etxera, hori ere Alkaiagan. Gaur egun huraxe du bizileku. Badu zer kontatua. 99 urterekin ederki aski oroitzen da gerra denborako pasadizoez, baita Bezerroko meategian eta Berako Fundiciones lantegian lanean egindako urteez ere. Gazterik lanean hastea tokatu zitzaion. «Bizi gogorra» eta «miseria» ezagututakoa da, baina orain «hagitz ongi» bizi dela dio. Egunero leitzen du periodikoa, paperean ez bada tabletan, eta aktualitateko kontuek ez diote eskapu egiten; belaunak laguntzen ez badio ere, «terrazan edo pasilloan eta tarteka kanpoan» bere bueltak ematen ditu; eta eskulanetan aritzea atsegin du: «Garai batean gehiago aritzen nintzen. Orain segidan nekatzen naiz. Hala ere, aizturrak eta nabalak zorrozten oraindik pixka bat segitzen dut». Etxeko sukaldean hartu du TTIPI-TTAPA.

Haur denborako zer oroitzapen dituzu?

Borda etxean sortu naiz, Alkaiagan bertan, baina mutiko kozkorra ginela honat, attaren sortetxera, etorri ginen, Iparragirre etxera. Bere arreba bat gazterik alargundu zen, hiru ume ttikirekin gelditu zen, eta berari laguntzeko honat etorri ginen. Sei bat urte edo hola izanen nituen eta momentu batean bi familia batean hazi ginen etxe honetan. Bai sortetxean, bai hemen, maizterrak ginen. Denbora haietan hemen inguruko etxe gehienetan maizterrak ginen. Etxean behi bat izaten genuen eta hura ere ez genuen gurea. Esnea guretzat izaten zen, baina aratxea jaiotzen baldin bazen, aratxea nagusiarentzat izaten zen. 

«Sei senidetan zaharrena nintzen eta amak beti zerbait egiteko harrapatzen zidan. Eta ni kontent eskolara joan gabe»

Eskolan ibili zinen?

Hagitz gutti. Sei senidetan zaharrena nintzen, ama etxean gelditu zen etxeko lanak egiten eta ume ttikiekin, eta niri beti zerbait egiteko harrapatzen zidan. Eta ni kontent eskolara joan gabe. Berandu hasi nintzen eskolan eta goiz gelditu. Bederatzi urte edo gehiago izanen nituen hasi orduko eta hamaika urte baino lehenago utzi nuen. Edozein moduz, eskolan hasi baino lehenago izeba batek kanta eta istorio aunitz erakutsi zizkidan eta nire izena paratzen eta eskribitzen ere bai. Gero, eskolan hasita, gazteagoekin paratu ninduten.

Ongi moldatu zinen?

Fraideek eskola ona erakusten zuten, baina gutti joaten nintzen. Dena erdaraz egiten ziguten, baina tartean bazen Larramendi pintorearen osaba bat, Luis Aita, eta hark euskaraz ere egiten zuen. «Non hintzen atzo?» galdetzen zidan eta nik «Behi zain». Berak orduan «Ba eskribitu ezak 'behi zain' ez dakit zenbat aldiz». 

Hamar urte zenituenean, gerra hasi zen…

Bai, eta orduan hasi ziren problemak. Gerrarekin gauza handiak ikusitakoak gara. Oroitzen naiz Francoren aldeko erreketeak hemendik pasatu zirela Oiartzun aldera, Irunen baitzituzten kontrarioak, errepublikanoak. San Antonera joanda, Oiartzungo mendira sartu ziren eta han aritu ziren elkarren kontra. Horretarako hemengo aziendak hartu zituzten, behiak eta astoak, laguntza eta armak karroan eramateko. Gure etxetik behi bat hartu zuten eta izorratua bueltatu zen, atzaparrak galdu zituen eta kendu behar izan genuen. 

Fagoaga Alkaiagan sortua da eta bertan bizi da. Urteotan auzoa aunitz aldatu dela dio, «beti etxeak egiten» ari direla eta «doblatu» dela.

Hortaz, mugimendu handia…

Bai. Soldatuak etxeetara partitu zituzten, eta gurean bi egon ziren. Mutiko kozkorrak ginenean soldadu tartean haziak gara eta beldurra izaten genuen. Etxearen gaineko aldean, Zelaia deitzen diogun tokian, egurrezko tankea izaten zen eta tarteka abioiak etorri eta bonbak botatzen zituzten. Gogoan dut kuartelari bat bota ziotela eta Fundiciones lantegira bertze bi, bat kantinara eta bertzea presara. Eta hemendik Francoren aldeko soldaduak tiroka aritzen ziren abioei. Nafarroa Frankoren alde atera zen, baina Beran baziren errepublikanoak eta fusilatu zituzten. Inbidia eta ezin sufritua izaten zen orduan ere, eta bertze batzuek denuntzia paratuta, Cesareo Seminario hola hil zuten. Nire bi osaba ere gerrak harrapatu zituen. Bat Frantziara joan zen eta bertzea errepublikanoekin. Asturiasen hil zuten. Berriki bere hezurrak ekartzea nahi ote nuen galdetu zidaten, baina nik nola pagatu behar nuen? Orain ari gara orduko gauza aunitz deskubritzen. Eskolan gorriak hagitz gaiztoak zirela erakutsi ziguten, eta Francoren aldekoak onak zirela. Gerora ikasi dugu Francok zer egin zuen. Beti iguala pasatzen da. Gerran kulpa dutenak gibelean gordetzen dira eta gu bezalakoek pagatzen dute. Gauza bera gertatzen ari da orain munduko bazter aunitzetan. Kulparik ez dutenak ari dira pagatzen eta inork ez du deus egiten.

«Miseria handiena gerra ondotik etorri zen»

Gerra ondoko urteak nolakoak izan ziren?

Miseriarik handiena gerra ondotik etorri zen. Gainera, gerra akabatu berritan, atta eritu zen, nik hamalau urte nituelarik. Fabrikan aritzen zen lanean, Fundicionesen, eta pleuresiarekin etxean gelditu behar izan zuen. Orduan ez zen erretirorik, ez osasun sistemarik… Eta ahal den bezala atera ginen aitzinera. Atta ezin indartu zela eta, Iruñera joan zen ospitalera, eta ni hamalau urterekin Bezerroko meategira lanera. Senide zaharrena nintzen eta seigarrena oraindik jaiotzekoa zen. Atta hil zenean ama haurdun zen. Lau pezeta irabazten nituen lanean, eta gizonezko helduek zortzi pezeta edo horrela. Ez zen aunitz, baina denbora haietan batere ez baino hobea zen, bizi maila hagitz baxua zen. Kosta zitzaigun, gure bizia gogorra izan da, baina hura ikusi genuen eta harekin gelditu ginen, ez genuen bertze aspiraziorik. Lanean hasi baino lehenago, guardia lanetan ere aritu nintzen. Bezerroko meategitik Fundicionesera kable batean garraiatzen zuten baldetan materiala, eta horretarako guardian egon behar izaten zen. Ni ere aritu nintzen horretan. Bertze batek kanpaia jo behar izaten zuen, eta nik hura adituta korneta jo eta bandera paratu. Miseria bat pagatzen ziguten, baina bueno. 

Gosea pasatutakoa zara?

Hiltzeko adinako goserik ez, baina eskasia bai. Gerra ondoan dena erraziotan ematen zuten. Nik banuen suertea, meategian ari nintzelako bertzeei baino gehiago ematen baitziguten. Bertzeei opil ttiki bat eta guri handia. Gordetzen nuen, baina senideek harrapatzen zidaten eta ni bueltatzerako ttikitua izaten zen. Etxean behiaz gain, baratzea ere izaten genuen, baina ez zen aski. Eta gerora, fabrikan aritu nintzenean, hilabetean behin errazioak ematen zizkiguten. Bolada batean, okindegian zerbait berdea ere ematen ziguten eta ez genekien zer zen. Ezkurrarekin nahasita egindako ogia omen zen! Hola bizituak gara. 

Meategian zenbat urtez aritu zinen?

24 urtez, eritu nintzen arte. 38 urterekin, gripea zelakoan, lana utzi behar izan nuen, baina ez zitzaidan pasatzen, gero eta okerrago jarri nintzen. Hatsa hartzean kristoren mina hartzen nuen saihets hezurretan. Pneumonia izanen nuela pentsatu nuen. Medikuak ez zidan asmatzen zer zen eta azkenean espezialista bat ekarri behar izan genuen, bertzela pixkan-pixkan banindoan… Ez nuen lorik egiten, ezta andreak ere. Nola eginen zuen ba lo ni beti aika ari banintzen? Espezialistak erran zidan attak bezala pleuresia nuela. Injekzio bat paratu zidan, eta akabo nire oinazeak. Atseden ederra hartu nuen. Baina baldatua gelditu nintzen, ohatzean. Hankan tronboflebitis ere izan nuen. Hori ere ez zidan berehala ezagutu medikuak. Mina izterrean sumatzen nuen eta tronboa beheitirago zen. Hondarrean hanka lekua izterra bezain lodia jarri zitzaidan, eta orduan asmatu zuten. Bertze tratamendu bat paratu zidaten, eta tratamendua aldatutakoan, problema gehiago. Berriz ere espezialista ekarri behar izan genuen, kristoren oinazeak bainituen besoetan, eta espezialistak bihotzeko arazoa zela erran zidan. Eta horretarako bertze tratamendu bat. Hiru gaitz hartu nituen denbora berean.

Baina buelta eman zenion…

Bai, baina urte eta erdi pasatu nituen bajan. Medikua ez zen gauza izan zer nuen ezagutzeko, eta espezialista ekarri behar izan nuen. Hala ere, espezialistari pagatu behar nionez, berak ere bere partea behar zuela erran zidan medikuak: espezialistari 3.000 eta berari 1.500 pezeta. Denbora haietan dirua zen hori. Andrearen gurasoek lagundu zidaten. Baina bueno, pasatu zen noizbait dena. Halere, medikuak meategira lanera ezin nuela joan erran zidan, gorputza kastigatua bainuen. Bertze lanpostu batean aritzeko galdetu nuen enpresan, baina ez zutela niretzat lanik erran zidaten. Lanik gabe gelditu nintzen. Ni nahiko lanekin eta etxean haur ttikiak. Meritu ederra izan zuen andreak. 

Azkenean harrapatu zenuen lana…

Bai, lanik gabe gelditu nintzenean, La Salle ikastetxera ikastera joateko apuntatu nintzen. Hemendik autobusa joaten zen denbora haietan, eta han ofizioak ikasteko kurtsoak egiten zituzten. Apezak apuntatu ninduen, baina bitartean lana agertu zitzaidan. Ni sendatu nintzenean, Zalain Beran fabrika bat muntatzen ari ziren, eta Fundicionesetik gazte bat harat joan zenean, plaza bat libre gelditu eta orduan sartu nintzen. Guarda paratu ninduten. Gerora, fabrikan bertze lanpostuak izan nituen, eta hola, bertze 23 urte egin nituen han. Meategian lanean aritzeagatik lau urteko deskontua izan nuen eta hola jubilatu nintzen 61 urterekin.

Eta 99 urte bete dituzu aurten…

Bai, ekainean bete nituen. 30 urterekin esposatu nintzen eta bortz seme-alaba izan genituen. Bederatzi biloba eta bortz birbiloba ditut.   

Astegunez tabletan eta asteburuetan paperean, periodikoa leitzen du Fagoagak.

Ez da edozein ailegatzen adin horretara…

Beharrarekin ikasi dut neure burua zaintzen, eta igual horrek lagundu izanen dit, edo bertzerik gabe, suertea izan dut. Zeure burua izorratua ikusten duzunean, azeriari belarriak ikusten dizkiozunean eta zuregana heldu dela ikusten duzunean, zaindu behar duzula iruditzen zaizu. Eta andreak ere zaindu ninduen. Suerte gogorra izan nuen berarekin. 68 urte egin genituen elkarrekin eta joan den martxoan hil zen. Ni baino bederatzi urte gazteagoa zen eta beti erraten nion niri lehenagotik joatea tokatzen zitzaidala, baina ez zen hola izan. Emakume gogorra zen, eta gerra handirik eman gabe joan zen.

«Leitzea aunitz gustatzen zait baina loak atakatzen nau»

Egunerokoan zer martxa duzu?

Orain bertzeei lana eman! [Irriz]. 08:00etan jaikitzen naiz eta 21:30-22:00 arte zerbait aritzen naiz. Gauza naizen bitarte hola segitu nahi nuke. Eskulanetan aritzea gustatzen zait, eta burdinarekin eta egurrarekin aritutakoa naiz. Gaur egun, guttiago, baina oraindik aizturrak eta nabalak zorrozten pixka bat segitzen dut. Buruak egiteko erraten dit, baina gorputzak ez dit uzten, segidan nekatzen naiz. Gainerakoan, belauneko minak ez dit sobera laguntzen kanpora ateratzeko. Taka-takarekin nonbait hor, baina bertzela eskuekin lagunduz ibili behar dut. Terrazan bai, bueltaka ibiltzen naiz eta etxean pasillo ederra dut ibiltzeko, baina hankek nahiago dute ez ibili. Leitzea ere gustatzen zait, eta orduak pasatuko nituzke loak atakatuko ez balit. Tabletarekin ere ibiltzen naiz. Pandemia garaian ikasi nuen bideo deiak egiten, iloba zoragarriak ditut eta eurek erakutsita. Orain hagitz ongi bizi naiz, baina azken puntua hurbiltzen ari dela ikusten dut. Noiznahi badoaz ni baino gazteagoak, eta nire txanda ez da urruti ibiliko. 

Alkaiagan sortua zara eta Alkaiagan bizi zara. Aunitz aldatu da?

Bai, bai, doblatu da! Lehenagoko Alkaiaga ezagutzen nuen, baina oraingoa ez, ez ditut hemengo erdiak ezagutzen. Etxe aunitz egin dituzte eta egiten segitzen dute. Kanpoko jendea ere bada kantitatea. 

«Nola erranen dugu lesakarrak garela bizia Beran egiten badugu?»

Alkaiaga ofizialki Lesakako auzoa da, baina etxeko atean Bera duzue. Zuk nongoa zarela sentitzen duzu?

Nik beti beratarra naizela erraten dut, baina lesakarrek ez dute hori aditu nahi. Lesakan ez dugu zergak pagatu bertze lanik egiten. Bortz kilometrotara dugu Lesaka eta Bera bertan. Bizia Beran egiten dugu eta bizitzeko behar duguna Beran erosten dugu. Nola erranen dugu lesakarrak garela?

Euskara nola ikusten duzu?

Gure denboran ez zuten guk euskaraz egitea nahi izaten. Suertatu gara Berara joan, eta han soldadu batzuk «Chavales, hablad en cristiano» erratea gu euskaraz sumatuta. Ez genekien euskara bertzerik eta ahal genuen bezala erdaraz ikasi behar izan genuen. Orain, ordea, gure ilobek dena euskaraz egiten dute. Alde horretatik, orain euskara hobekiago dago. 

Mundua nola ikusten duzu?

Ongi ez behinik behin. Nire iduriak hagitz gutti balioko du, baina ez doa bide onetik. Bada anbizioa bertzerik ez duen jendea: Putin, Netanyahu, Trump… Ez dute gauza onik.

Aktualitatearen berri baduzu…

Bai, gustatzen zait. Politika gustukoa dut. Lehen periodikoa paperean leitzen nuen, eta orain astegunez tabletan eta asteburuetan paperean. Egunero ikusten ditut notiziak. Denok segitu beharko genuke munduan zer pasatzen den. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun