Ehizarako hogeita bat postu daude Etxalarko Iarmendiko bizkarrean. Hauek eskuratzeko enkantea irailaren 6an, larunbatean, 12:00etan eginen dute Etxalarko herriko etxean. 21 postuen hasierako prezioa 40.103 eurokoa da. Ohi denez, zortzigarren eta hamaikagarren postuak dira garestienak hasiera batean, 3.953na euro. Merkeenak, berriz, 16., 17. eta 18. postuak dira, bakoitza 433 euroko hasierako prezioarekin. Ematen den tanto bakoitza 10 eurokoa izanen da. Lehen enkantea egin ondotik, sesta emateko prozedura irekiko da, irailaren 7tik 12ra.
Horren bidez, enkante horretan behin behinean egindako eskaintzak hobetu ahal izanen dira seiren batean. Baldintza agiria interesaturik daudenen eskura dago bai udal bulegoetan, baita udalaren web orrian ere (www.etxalar.eus).