Lanen azken xehetasunak ixtekoak badituzte ere, udalak aurreratu du lanak bi fasetan eginen dituztela. Lehendabiziko fasean Mukixuko zubiaren eta Iparralde karrikaren artean ariko dira lanean. Aurreikuspena lehen zatiko lanek sei hilabeteko iraupena izatea da. Bigarren fasean berriz, BBVA bulegotik hasi eta Itzea karrika eta Altzateko plazaraino ariko dira lanean. Lanek, berriz, bortz hilabete luzera izanen dute.
Obraren azken hilabetean, berriz, azken xehetasunak eginen dituzte: seinaleak paratu, aireko kableak kendu, etxebizitzekin konexio elektrikoak egin, termiten kontrako kutxak berriz paratu, semaforoak ezarri...
Lanak egin bitartean Altzate karrika itxita egonen da ibilgailuentzako, baina oinezkoentzako ibilbideak segurtatuko dituzte. Ibilgailuak ibiltzeko berriz, hainbat alternatiba lantzen ari dira.
Obren inguruko xehetasunak aurkeztuko dituzte herritarrekin eginen duten bileran.