Mirari musika taldeak larunbat arratsean joko du Lesakako plazan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 4a

Mirari musika taldeak emanaldia eskainiko du larunbat arratsean Lesakako Plaza Zaharrean.

Nafarroako Gobernuaren Kultur programaren 30. edizioaren barrenean, irailaren 6an, larunbatean 20:00etan, gaur egungo musika herrikoia aditzeko eta dantzatzeko aukera izanen da Lesakako Plaza Zaharrean, Iruñeko Mirari taldearen eskutik.

Mirari taldea

Mirari musika proiektua Iruñean sortu zuen 2024an Urko Milagro musikari nafarrak. Harekin batera, bertako eszenan ibilbide luzea eta askotarikoa duten sei lagun arituko dira. Ondorioz, konplizitatez, lanbidez eta energiaz beteriko zazpikotea sortu da, eta kide bakoitzak bere ahotsa jarriko du emozioaren eta festaren artean mugitzen den proiektu kolektibo batean. Izenak, taldearen asmo poetikoa biltzen du; hau da, abesti bakoitza keinu argitsu bat izatea, partekatutakoa piztuko duen txinparta bat. Musika proposamena ñabardurez beteriko pop oinarri batean oinarritzen da, rockaren, erritmo latinoen eta txaranga metalen eraginetara irekia, baina nortasun argiarekin: dardaratsua, alaia, konprometitua eta guztiz gizatiarra.

Mirari bihotza eszena tokian jartzen duen taldea da. Letrak egunerokotasunetik, maitasunetik, borrokatik, ospakizunetik edota samurtasunetik sortzen dira, eta soinua laztantzen edo kolpatzen duten gitarrekin, mugimendura gonbidatzen duten teklatu eta perkusioekin eta askatasuna eragiten duen haize sail batekin eraikitzen da.

Etiketa itxietatik urrun, Mirarik publikoarekin konektatzen duen musikaren aldeko apustua egiten du, abestera eta dantzatzera gonbidatzen duen musika, baina baita pentsatzera eta sentitzera gonbidatzen duena ere. Indarra kolektiboan dago: ahotsen, ibilbideen eta emozioen baturan, kontzertu bakoitza esperientzia bizi bihurtuz.

Mirari biziago bizitzeko musika da. Munduari beste begi batzuekin begiratzeko musika.

Oraindik etortzeko dagoena elkarrekin imajinatzeko musika.

 

Ikusi hemen bideoklipak:

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun