Bestak 2025

Salgai paratu dituzte Illekuetako bestetako bazkarirako txartelak

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 2a

Auzotarrak 2023ko bestetako bazkarian.

Irailaren 13an eta14an ospatuko dituzte Berako Illekueta auzoko bestak. Ohiturari segituz, larunbatean herri bazkaria eginen dute, eta bertarako txartelak dagoeneko salgai paratu dituzte. Heldu den asteazkena izanen da txartelak erosteko azken eguna, eta Auzoa ostatuan erosten ahal dira.

Zikiroaz aparte, bertze hainbat ekitaldi antolatu dituzte Illekuetako auzotarrek bestetarako.

Irailaren 13an, larunbatean, 12:00etan botako dute altxaferoa Konpaneko zubitik eta segidan erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan gaiteroekin. 13:00etan, berriz, herri kirol saioa eginen dute. Hori bukatzean, auzotarren arteko bazkaria izanen dute Illekueta karrikan.

Bazkalondoan, 16:30ean haurrentzako jokoak izanen dituzte. Segidan, 18:00etan mus txapelketa izanen da Auzoan. Izen ematea 17:30ean hasiko da eta auzo bazkariko parte hartzaileek 10 euroren truke egiten ahal dute, bazkarian ez daudenek, berriz, 20 euroren truke. Sari ederrak izanen dira irabazleentzat. Lehenengo bikoteak 150 euro hartuko ditu, bigarrenak 2 otordu Auzoan eta bi botila ardo eta hirugarrenak bi botila ardo eta gasna bat. 19:00etan Bera Kantarikoak ariko dira auzoan barna kantuan. 20:30ean zezensuzkoa izanen dute eta, borobiltzeko, dantzaldia izanen da 21:00etan DJ Perryrekin. 

Igandean gehiago

Igandean izanen dute segida bestek 12:00etan eginen duten auzo mezarekin. Gero, 12:30ean, Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna izanen da. 16:00etan haurrentzako jokoak eginen dituzte eta 18:30ean Txaborro Magoak Gezur gehiegi ikuskizuna taularatuko du. Bestak borobiltzeko, 20:30ean pintxo dastaketa izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun