Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko deialdia egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 29a

2016tik euskara ikastea debalde da Bortzirietan.

Euskara ikastea debalde da Bortzirietan. 2016an Bortzirietako Euskara Mankomunitateak dirulaguntza sistema berria paratu zuen martxan, doakotasuna helburu duena. Geroztik, euskara ikasi edo hobetzea debaldekoa da Bortzirietan, eta oro har, azken hamarkadan izen emateek goiti egin dute euskaltegian. Herritarrak euskara ikasi edo hobetzera animatzeko, matrikulazioari buruzko hainbat datu eta xehetasun bildu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak.

Euskaltegian izen emateko epea irailaren 30ean bukatuko da, eta urriaren 10era arte eskatzen ahal da dirulaguntza

Mankomunitateak azpimarratu du azken urteetan nabarmentzekoa dela sustraiak eskualdetik urrun dituzten herritar aunitzek eman duela euskara ikasteko urratsa: «Euskara ikasteko interesa eta gogoa herritar gehiagorengan piztu izana poztekoa bada ere, bereziki euskara euren harreman eta familia inguruan ez duten herritarrengana ailegatu nahi dugu abiatzear den matrikulazio aldi honetan, baita zaurgarrienengana ere».

 

Dirulaguntza deialdia martxan

Irailaren 1etik 30era egonen da irekia euskaltegian matrikulatzeko epea eta ikasleek dirulaguntza eskatzeko lehenbiziko epea urria 10era arte luzatuko da. Honakoak dira deialdiaren ezaugarriak:

Bortzirietan erroldatuta dauden ikasleen ohiko euskara ikastaroak %100ean diruz laguntzen dira. Euskalduntzeko ikastegiak ez du zertan Bortzirietan egon beharrik. Dirulaguntzaren muga 700 eurokoa da ikastaro bakoitzeko.

Urtean ikastaro bat baino gehiago egiten ahal dira, ohiko ikastaro bat eta barnetegi bat, adibidez.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa hartzeko %85eko bertaratzea gainditu behar da, alegia, arrazoitutako hamalau hutsegite egiten ahal dira. Hala ere, %50eko bertaratzea gaindituta, dirulaguntzaren %75a hartzen ahal dela, nabarmendu du mankomunitateak. «Mankomunitatearen asmoa da aurrerantzean dirulaguntza sistema garatzen joatean kalteberak diren herritarrek euskara ikasteko oztopoak izan ez ditzaten». Gainera, azaldu dute, «egoera zaurgarria dela eta, baldintza hauek betetzea zaila den herritarren kasuan, alternatibak aztertzeko prest» leudekeela.

Dirulaguntzaren zatirik handiena, %75a, ikasturtea hasiera samarrean, azaroan eta abenduan, ordaintzen zaie hala eskatzen duten ikasleei. «Egia da ikasleak ikastaroaren ordainketa osoa egin behar duela urrian. Hala ere, Bortzirietako Euskaltegiak kasuan kasuko neurriak hartzen ditu, ikasturte hasierako ordainketa hori sobera bada, hori errazteko».

Dirulaguntza telematikoki zein presentzialki eskatzen ahal da. Bi kasuetan, mankomunitateak eta euskaltegiak laguntza emanen dio behar duenari.

 

Orain arteko datuak

2016an doako matrikula ezarri zutenetik aldaketak egin badira ere, oro har, goiti egin du euskaltegian apuntatu direnen kopuruak mankomunitateak bildutako datuen arabera. Herriz herriko matrikulazioari dagokionez, euskara ikasten duten herritarren ia erdiak (%49) beratarrak dira. Generoari dagokionez, hamar ikasletik sei dira emakumezkoak.

Bortzirietako Euskaltegiko ikasleen artean %37,5 Euskal Herritik kanpo sortua da. «Datu hori hagitz baikortzat jotzen du mankomunitateak. Nabarmentzekoa da aniztasuna eta etorkizunean pentsatzekoa da areagotuko dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun