Kirol apustuen arriskuez ohartarazi dute Beti Gaztek eta Gure Txokoak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 29a

Jolas moduan hasten dena adikzio moduan bukatzeko arriskua har dezakeela ohartarazi dute Beti Gaztek eta Gure Txokoak.

Kirol apustuen eta zorizko jokoen arriskuaz ohartarazteko bideoa zabaldu dute sare sozialetan Berako Gure Txokoa eta Lesakako Beti Gazte elkarteek, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin bat eginez.

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen kanpainarekin bat egin dute, laguntza eman dezaketen bi telefonoren berri emanez

Izan ere, joko hauek «egunerokotasunean eskura daude, ostatuan, telebistan, iragarkietan, baina hemen ere arauak daude: 18 urte beteak izan behar dira jokatu ahal izateko». Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bideok gogorarazten duenez, «suertearen kontrola duzula pentsatzen baduzu, dirua erraz irabazteko egiten baduzu, ezinegona sortzen badizu, jokatu beharra sentitzen baduzu, hasieran pentsatutakoa baino gehiago gastatzen baduzu lagunekin egoteko denbora kentzen badizu, arazoetatik ihes egiteko erabiltzen baduzu… jokoaren kontrola ez dago zuregan eta laguntza bilatu behar da».

Gure Txokoak eta Beti Gaztek bere aldetik, jakinarazi dute «jolas moduan has daitekeena adikzio moduan bukatzeko arriskua har dezake. Nerabe eta gazte aunitz dira futboleko jakintza izan eta apustuak egiten hasten direnak: dirua erraz irabazteko, lagun artean irri batzuk egiteko, denbora aspertua pasatzeko…». Berako eta Lesakako klubek gogorarazi dute «gazte kirolariak zaretela adikzio mota hau garatzen duten herritar ohikoenetakoak» eta horretaz ohartzeaz gain, errealitate honi buruz gehiago jakiteko eta laguntza eskatzeko erreferentziazko bi telefono zenbaki eman dituzte: 665 80 25 45 (Aralar elkartea) eta 639 72 40 02 (Bortzirietako hezitzailea).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun