[GUTUNA] Berako besten harira, Berako Udalaren oharra

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 20a

Berako Udalak herriko besten balorazioa egin du idatzi honetan. Orokorrean «giro alaia» izan dela dio, eta «mezu baikorra» zabaldu nahi izan du. Baina aldi berean, izan diren erasoak gaitzetsi ditu. Berako Udalaren izenean, Aitor Elexpuru Egañak sinatu du idatzia.

Udalak Berako herriko besten balorazio orokorra egin du. Bertzeak bertze, bertako tradizioak (errituak eta ohitura zaharrak), komunitatearen parte hartzea, segurtasuna eta ekitaldien kalitatea kontuan harturik, balorazio positiboa egin du. Bestak, orokorrean, jai giro alaian joan dira eta mezu baikorra zabaldu nahi du.

Aldi berean, Berako Udalak argi du bestan parte hartzen duten pertsona guztien erantzukizuna eta elkarbizitza edozein gauzaren gainetik daudela. Eta udalak gaitzespenik irmoena adierazi nahi du gure udalerrian bestetan gertatutako eraso guztien aurrean. Txosnagunean pankartak eta erasoak artatzeko gune morea erre dituzte, ostatuetan erasoak izan dira, hainbat zerbitzarik jazarpenak jasan dituzte, komun publikoak eta pankartak errekara bota dituzte eta Toki Ona institutuan dagoen Ricardo Barojako ikasleen baratzeari eraso egin diote, bertzeak bertze.

Erakunde eta gizarte gisa, bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako herria eraikitzeko lanetan segituko dugu. Besta giroak ez du justifikatzen inolako erasorik. Besta eremu aunitzetan, maskulinitate eredu hegemonikoaren eredu oldarkorra antzematen dugu, indarkeriaren bidez inposatzen dena, bai pertsonen aurka, bai herri mugimenduen eta ingurunearen aurka. Hala, harreman osasuntsuetan eta feminismoan oinarritutako besta eremuak eta herria eraikitzeko dei egin nahi diegu herritar guztiei, horrela bakarrik eraikiko baititugu pertsona guztientzako espazio seguruak, askotarikoak eta errespetuzkoak.

Horregatik guztiagatik, edozein eraso mota erabat gaitzesten duela adierazi nahi duela udalak, baita erasoa jasan dutenei babesa eta elkartasuna helarazi ere eta horrelako erasoek gure gizartean lekurik ez dutela salatu. Beraz, lanean segituko dugu bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako herria eraikitzeko baliabideak eta elkarlana sustatzen.

Era berean, Berako Udalak gonbidapena egin nahi die herritarrei eta batez ere jokabide eta jarrera desegokiak dituzten gizon eta mutilei horiek berrikusi ditzaten.

Gertakari horien harira, izaten ahal diren protesta eta gaitzespen deialdiekin bat egin eta herritarrak horietan parte hartzera animatu nahi ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun