Ortzegunean, joare soinuen ondotik, herriko txistulariek eta Lesakako Musika Eskolako akordeoilariek kalejira egin zuten herrian barna. Segidan, frontoian bildu zen jendea herriko dantzarien emanaldiaz gozatzeko. Tartean, udal ordezkariek azken urtean sortutako haurrei ongietorria egin zieten eta programaren marrazki lehiaketako sariak ere banatu zizkieten Beñat Ibarrari eta Beñat Bergarari. 14:30 aldera, berriz, herri bazkaria hasi zen frontoian, eta 176 lagun bildu ziren. Joan den urtean bezala, bazkalondoa girotzeaz Trikidantz taldea arduratu zen, aski giro polita sortuz. Bitartean, eskolako ikasleek egindako marrazkien erakusketa ikusgai paratu zuten gorapean eta haurrentzako eta gaztetxoentzako jokoak ere izan ziren. 20:00etatik aitzinera 3TTU taldea aritu zen plazan, baita gauerditik aitzinera ere.
Ortziralean, bestetako egun handian, txistularien dianaren ondotik, eguerdian Arantzako Dantza Luzea egin zuten ehun bat dantzarik. Arratsaldean, berriz ere jendez bete zen frontoia, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala eta emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako Txokor Biltze Txapelketak ikusteko. Herri kirol saioaren ondotik, Ezinegon taldea aritu zen plazan musika jotzen, eta arratsean ere bai.
Larunbatean, herriko trikitilariek jo zuten diana, eta aldi berean, herriko pilota txapelketako finalak hasi ziren frontoian, haurrenak lehenbizi, eta helduenak ondotik. Helduetan, adibidez, frontenis txapelketan, Jaione Mazizior eta Itziar Mitxelena nagusitu ziren, Aitziber Lizardiren eta Leire Mitxelenaren kontra, eta esku pilotan, Dani Iparragirrerentzat eta Rafa Errandonearentzat izan zen garaipena. Final estu baten ondotik, Joseba Madariagaren eta Mikel Izagirreren kontrako partida irabazi zuten. Arratsaldean, entzierro ttikia eta azken urteotan herritarren agendan ongi finkatua den hitzorduaren txanda ailegatu zen: auzoen arteko desafioa. Aientsa aldera joan zen garaipena. Bigarren posturako lehian Eguzkialdea eta Beheko Pisutaren artean berdinketa izan zen, eta sokatiran erabaki zuten saria norentzat izanen zen. Bigarrenak irabazi zuen. Segidan, plazara joan zen jendea, eta handik abiatuta, herriko musikariek kalejira egin zuten buruhandiekin eta Mari Jesus eta Jesus Mari erraldoiekin. Aurten, gainera, musikari talde ederra bildu zen: akordeoilariak, txistulariak eta trikitilariak denak elkarrekin. Bertzetik, Holako taldearekin mutxikoak izan ziren plazan eta musika bukatuta, auzoetako afariak izan ziren. Gauerditik aitzinera, berriz, Belfast taldeak giro ederra paratu zuen plaza iskinean.
Igandean, hondarreko egunean, goizean herriko trikitilariek diana egin zuten eta horrez gain, puzgarriak paratu zituzten frontoian. 12:30 aldera bertso-kantu poteoa egin zuten Joanes Illarregi eta Ekhiñe Zapiain bertsolariekin eta Mitxelenatarren musika doinuekin. Elkartasun bazkaria ere igandean egin zuten eta honetan ere jende aunitz bildu zen, Beñat eta Andoni Mitxelenaren musika doinuak lagun. Arratsaldean, aurten hamargarren aldiz, haur eta gaztetxoen herri lasterketa egin zuten eta honetan ere parte hartze handia izan zen, 70 neska-mutiko bildu baitziren. Sari banaketa eta merienda egin zuten ondotik, eta Bortzirietako gaztetxoen, emakume profesionalen eta gizonezko afizionatuen pilota partiduak ere jokatu zituzten frontoian. Ilunabarrean disko festa hasi zen, eta gauerdian, bestak borobiltzeko, ordura arte sute arriskua tarteko gordean edukitako zezensuzkoa atera zuten.