Lanak hasieran abuztu hondarrean hastekoak baziren ere, udalak jakinarazi du, irail hondarrean hasiko direla, eta hamabi hilabetez luzatuko direla. Eguneroko martxan eragin nabarmena izanen dute Altzateko lanek, eta hori dela eta, udaleko ordezkariak dagoeneko elkartu dira Altzate karrikako merkatariekin lanen berri emateko.
Heldu den asteetan lanak eginen dituen Sasoi enpresarekin lanen azken plangintza landuko du udalak, eta horren ondotik, iraileko lehen hamabostaldian herritar denentzako bilera irekia eginen dute lanek ibilgailuen eta oinezkoen trafikoan izanen dituen eraginak esplikatzeko. Aitzinerago zehaztuko dute bileraren data.
Lanak bi fasetan
Lanen azken xehetasunak ixtekoak badituzte ere, udalak bando bidez aurreratu du lanak bi fasetan eginen dituztela. Lehendabiziko fasean Mukixuko zubiaren eta Iparralde karrikaren artean ariko dira lanean. Aurreikuspena lehen zatiko lanek sei hilabeteko iraupena izatea da. Bigarren fasean berriz, BBVA bulegotik hasi eta Itzea karrika eta Altzateko plazaraino ariko dira lanean. Lanek, berriz, bortz hilabete luzera izanen dute.
Obraren azken hilabetean, berriz, azken xehetasunak eginen dituzte: seinaleak paratu, aireko kableak kendu, etxebizitzekin konexio elektrikoak egin, termiten kontrako kutxak berriz paratu, semaforoak ezarri...
Lanak egin bitartean Altzate karrika itxita egonen da ibilgailuentzako, baina oinezkoentzako ibilbideak segurtatuko dituzte. Ibilgailuak ibiltzeko berriz, hainbat alternatiba lantzen ari dira, eta herritarrekin egiten dituzten bileretan jakinaraziko dituzte.