Garai bateko bunkerrak berreskuratzeko lanak egiten ari dira Beran eta Baztanen ere eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 6a

Guztira 50 bat gaztek parte hartzen dute Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako ‘Muga gotortua nafar Pirinioan’ programan, Berako eta Baztango udalen laguntzarekin.

Frankismoko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanetan ari dira 25 gazte boluntario Berako Okalarren, Ibardin inguruan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako Muga gotortua Nafarroako Pirinioan programaren bitartez, Berako Udalaren laguntzarekin. Horiek bisitatu ditu gaur goizean Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari den Ana Ollok. Aitor Elexpuru Berako alkatea eta José Miguel Gastón, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Txema Burgaleta, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaria ere izan dira bisitan.

Beran eta Gorramendi-Otsondon (Baztan) garatuko da aurten ekimena, bertze 25 gazterekin batera, eta "Memoria duten Eskolak" programaren barrenean kokatzen da. Helburua Nafarroako Pirinioetan frankismoan eraikitako eta erabilitako bunkerrak berreskuratzea da, gazteen boluntariotzako kanpamentuen bidez. Eremu horiek, aldi berean, errespetuzko, bakezko, berdintasuneko, elkartasuneko eta ekologiako balioak elkar trukatu eta lantzeko gune gisa balio dute.

Nabarmentzekoa da uda honetan, lehen aldiz, Nafarroako Gazteriaren Institututik boluntariotzaren alorrean eskuratutako gaitasunak aitortuko zaizkiela gazteen enplegagarritasunerako ziurtagiri baten bidez, non talde lana, entzute aktiboa edo arazoak konpontzea bezalako gaitasunak ebaluatzen diren Red Reconoceren bidez.

Ana Ollo lehendakariordeak belaunaldi gazteenei memoria helaraztearen garrantzia azpimarratu du, muga gotortuaren moduko espazioak berreskuratzeko lanetan aktiboki parte hartuz. Era berean, gazteek erregimen frankistaren bidegabeko indarkeriaren memoria bizirik mantentzeko konpromisoan izan behar duten protagonismoa nabarmendu nahi izan du, gaur egun terrorearen politika haiek legitimatu nahi dituzten faxismoen eta faxismo ondoko mugimenduen gorakadaren testuinguruan. «Memoria etorkizuneko balioa da, eta gizarte demokratiko zein anitza eraikitzea ezin da estremismoan, faxismoan, indarkerian eta memoria ezan oinarritu», adierazi du.

Berako lan-eremua

Beran garatzen ari den boluntariotza lan eremua Nafarroatik nahiz bertze erkidego batzuetatik datozen 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Abuztuaren 1etik 15era Nafarroako Pirinioetan, Ibardin mendatearen eta Gartzin (406m) mendiaren inguruan, Bera eta Xareta arteko mugan garatutako frankismoaren erresistentzia-zentroetako bunker batzuk berreskuratzeko lanean ari dira. 24 gazteak Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Euskadi, Madril, Nafarroa eta Valentziako Komunitatetik etorri dira.

Hala, gazteak gotorleku horietako batzuen garbiketan, berreskuratzean eta dokumentazioan murgilduta daude. Bunker horiek muga zein Bidasoa ibaiko inguruak kontrolatzen zituzten. Lan horren osagarri, gotorleku horien guztien eraikuntzari buruzko azalpenak, garaiko dokumentazioa, arkeologia erregistroaren oinarrizko nozioak eta aisialdiko bisita eta jarduerak daude.

Aurtengo lanak 2020an egindakoen osagarri dira, orduan garbitu baitzen Peñarratako behatokia Gartzin mendian bertan, Ibardingo mendatearen ondoan. Sortutako ibilbidearen barrenean, ‘Hormigoizko Mugak Ibilbideak’ izenekoetan bilduta, aipatutako behatokiaz eta eraikuntzari lotutako barrakoiez gain, gutxienez hamar metrailadore-habia txiki batzuk sartu ziren, muga-lerroan. Hauek dira aurten berreskuratzen ari direnak.

"Muga gotortua" proiektuaren bidez, 2017az geroztik hainbat bunker eta barrakoi egokitu dira Auritzen, Igalen, Erratzun, Beran, Lesakan, Eugin edo Izaban. Gainera, abuztuaren 16tik 30era, antzeko boluntariotza kanpaldi bat eginen dute Baztango Gorramendin eta Otsondoko mendatean. Lan horren emaitzak "Hormigoizko mugak" proiektuaren parte dira.

 

Hormigoizko mugak proiektua

Hormigoizko mugak proiektua Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako lankidetza-hitzarmen baten esparruan garatu da, eta Pirinioetako mugaren gotorlekuaren testuinguruan (frankismoaren proiektu megalomanoa) bortxazko eskulan bidez eraikitako defentsa-egiturak egokitu, garbitu, mantendu, seinaleztatu eta balizatuko dituzte.

Hormigoizko Mugak erakusketa Bigarren Mundu Gerran eraikitako bi defentsa-azpiegituratan memoria-ibilbide bat proposatzen duen erakusketa batekin hasi zen. Azpiegitura horiek ia ukitu ere egiten dira Bidasoaren bokalean: Atlantikoko Harresia eta Pirinioetako Gotorlekua. Jendearentzat erakusketa Iruñean, Beran, Elizondon, Lizarran, Izaban, Martzillan, Otsagabian eta Zizur Nagusian, NUPez eta beste ikastetxe batzuez gain; baita Bruselan, Portboun, Maulen, Baionan eta Oloron-Sainte Marien ere izan da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian, Eugiko Erreferentzia Historikoko Olondo Zentroan erakusketa ikusgai egonen dela aurreikusi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun