Berako bestetan txosnagunean egindako erasoak salatu ditu txosna batzordeak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 6a

Toki Ona institutuaren inguruan ere ibili dira.

Berako Txosna Batzordeak jakinarazi duenez, azken arratsetan «hainbat eraso» izan dira txosna inguruan. «Pankartei su emateaz gain, erasoak jasandakoak artatzeko guneari ere eraso egin diote». Ostatuetan ere erasoak izan direla gehitu du.

Komunak eta pankartak errekan agertu ziren atzo goizean Beran, baina kalte gehiago ere izan dira. Eta Berako Txosna Batzordeak txosna inguruan izandako erasoak gaitzetsi nahi izan zituen atzo arratsean. Batzordeak adierazi duenez, «txosnagunea gune segurua dela erraten dugunean, ez gara eraso fisikoez bakarrik ari, gure aldarrikapenak eta besta eredua modu seguru batean plazaratzeaz ari gara, eta beraz, eremu honi eraso egitea, guri eraso egitea da». Erasoak «ez dira txosnagunean bakarrik gertatu», batzordeak gaineratu duenez, «ostatuetan» ere izan dira eta «ekintza horiek guztiek gaur egungo besta eredua zein den zalantzan jartzea eragin du». Irudian ageri denez, Toki Ona institutuaren inguruan ere izan dira erasoak.

Toki Ona institutuko gibeleko aldean dagoen negutegian kalteak egin dituzte.

«Argi» mintzatu da Berako Txosna Batzordea, «jarrera horiek ez ditugula onartuko» erranez. «Bestak denok ongi pasatzeko dira eta ez matxirulo batzuen eraso gune izateko. Beraz, egoten ez badakizu, ez zara ongietorria». Gehiago ere erran du: «Denon ardura da besta seguruak eraikitzea eta ez ahantzi, erasotzailea babesteak konplize egiten zaitu! Hartu dagokizun erantzukizuna!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun