Bestak 2025

Etxalarko bestetako otorduetako txartelak salgai daude

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Joan den urteko Etxalarko bestetan, 'asau' egunean hartutako irudia.

Heldu den astean izanen dituzte herriko bestak etxalartarrek, eta horiei begira, herri afariko, asau ttikiko, asauko eta Larraburuko bazkariko txartelak salgai daudela jakinarazi dute.

Herri afaria bestetako lehenbiziko egunean eginen dute, abuztuaren 14an. Txartelak Elutsan eta Herriko Ostatuan erosten ahal dira, 30 eurotan. Horretarako azken eguna abuztuaren 10a izanen da eta epez kanpo apuntatzen direnek 35 euro ordaindu beharko dituzte. Intolerantziarik edo alergiarik izanez gero, telefono hauetara jakinarazi behar da: 633 10 72 68 edo 638 80 78 51. Antolatzaileek erran dutenez, ez dute euren gain hartuko gertatzen ahal den edozein ezbehar eta hausten edo galtzen den materialaren gastua norberak ordaindu beharko du.

Asau ttiki, berriz, abuztuaren 16an eginen dute, 13:30ean. Txartelak Elutsa ostatuan eta plazako dendan daude, 12 eurotan (merienda prezioaren barrenean), eta kasu honetan ere abuztuaren 10a izanen da txartelak hartzeko azken eguna. Epez kanpo erosten dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Guraso elkarteak antolatutako hitzordua da eta bi ohar egin ditu horri begira. Alde batetik, petardoak ez dituzte onartuko eta bertzetik, guraso elkartea ez da arduratuko bazkarian edo egunean zehar gertatzen ahal diren ezbeharrez.

Asaua abuztuaren 18an eginen dute, bestetako azken egunean, 14:00etan. Txartelak Herriko Ostatuan eta Elutsan erosten ahal dira 35 eurotan eta abuztuaren 14a izanen da azken eguna. Guztira 300 txartel paratu dituzte salgai eta pertsona bakoitzak gehienez bi erosten ahal ditu. Asauaren harira, bertze ohar batzuk ere eman dituzte: ermitara joan-etorria txarangarekin eginen dute, sartzeko txartela aurkeztu beharko da eta 14:00 baino lehen ezin izanen da ermitako zelaira sartu. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ez dute asauan gertatzen ahal diren istripuen ardurarik hartuko.

Bestetako azken egunean, Larraburua elkartean bertso bazkaria eginen dute 14:00etan, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Bazkide direnek 30 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek 35 euro. Apuntatzeko 664 38 73 43 edo 623 15 34 38 telefonoak eman dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun