Tristan Janmartek eta Ane Elzaurdiak errekorrez betetako Berako Gau Krosa irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 4a

Tristan Janmartek eta Ane Elzaurdiak irabazi zuten ortziralean jokatu zen Berako Gau Krosaren hamaikagarren edizioa, aurten 253 parte hartzailerekin, parte hartze errekorra hautsiz gainera.

Iparraldeko korrikalaria azken 200 metrotan gailendu zitzaion Aitor Etxeberriari, helmugatik hurbil eroriko bat izan zuenari, eta berarekin lehia polita izan zuen lasterketa osoan.

Janmartek, 2023an ere lasterketa irabazitakoak, 31 minutu eta 3 segundo behar izan zituen lasterketaren bidea osatzeko, Bera inguruan asfaltoz eta mendiz betetako 7,8 kilometroko ibilbidean.

Aitor Etxeberriak (31:05) eta aitzineko larunbatean Alkaiaga Trail irabazi zuen Asier Landartek (31:57) podiuma osatu zuten bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

Emakumezkoen kategorian, Ane Elzaurdia beratarrak bere laugarren garaipena lortu zuen lasterketa honetan, 37 minutu eta 10 segundoko denborarekin. Bertze beratar batek, Ainhoa Etxegaraik (38:43), 2024ko bigarren postua errepikatu zuen eta Amandine Gomanek (41:37) hirugarren bukatu zuen. Guztira 65 emakumek hartu zuten parte.

Kuadrilla arteko lehian, Eztakit taldeak irabazi zuen, Antzinera taldeari gailenduz. 

Guztira 253 korrikalarik hartu zuten parte lasterketan, probaren hamaika edizioetako parte hartzerik jendetsuena izanik, 2024ko 211 korrikalariak gaindituz, orain arteko markarik onena zena.

Berako hiru kuadrilek eraman zuten kuadrilarik jendetsuenaren saria: Hankak Errestan, Morzillo eta Eztakit. Kuadrilla bakoitzak 10 korrikalarirekin hartu zuen parte.

 

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

 

1. TRISTAN JANMART 31:03

 

2. AITOR ETXEBERRIA 31:05

 

3. ASIER LANDART 31:57

 

 

Emakumezkoak

 

1. ANE ELZAURDIA 37:10

 

2. AINHOA ETXEGARAI 38:43

 

3. AMANDINE GOMAN 41:37

 

 

Kuadrilak

 

1. EZTAKIT

 

2. ANTZINERA

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun