Suziria piztu zutenak ez ezik, 50 urte hauetan Labiaga ikastolaren alde lan egin duten hainbat lagun bildu ziren herriko etxean, hala nola Ixa Ordoñez sortzailea edo ikastolako lehen gurasoak: Victor Valverde, Jose Luis Lasarte, Maria Nieves Irazoki, Javier Zelaieta, Maritxu Zelaieta, Arantxa Rekondo, Mari Jose Errandonea, Silvia Mazizior, Jose Mari Lasaga, Mari Karmen Erkizia, Antonio Zubieta, Maria Jesus Zubieta eta Helena Santesteban. Bertze guraso, irakasle, ikasle eta Labiaga ikastolako kide ugari zituzten lagun. Bien bitartean, plazan, giro ederra piztu zuten Ezpelur taldeko gaitariek, Incansables txarangak eta erraldoien eta buruhandien konpartsak. Jendez gainezka zegoen plaza, ikurriñak, Nafarroako banderak eta Palestinakoak ageri zirela. Argazkiak: Juan Mari Ondikol eta Aitor Arotzena
Ahantzien oroimenez
Txupinazoaren aitzinetik, bosgarren urtez ahantzien oroimenez ekitaldi hunkigarria egin zen plazan. Berako eta Urruñako alkateak, Aitor Elexpuru eta Philippe Aramendi, izan ziren ekitaldian. Iñaki Iriarte Mendiondo eta Ainara Agirre Torres aritu ziren txalaparta jotzen eta Nahia Senper Maziziorrek aurkeztu zuen omenaldia. Labiagaa Ikastolako ikasleek Estitxu Arozenak idatzitako bertsoak kantatu zituzten, Ane Lazkanotegi gitarrarekin eta Clara Rouget biolontxeloarekin lagun zituztela. Zuhatz Lekuberria Senperrek eta Ane Otamendi Abrilek aurreskua dantzatu zuten, Naroa Otamendi Abrilen txistuaren doinupean. Gero, Joseba Irazokiren gitarra eta ahotsa lagun zutela, ahantziei lore eskaintza egin zitzaien, beraien omenez 2018tik paratua dagoen Mikel Iriarteren eskulturan.