«Afarian herritarrek disfrutatzea da gure helburu nagusia»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 12a

17 neska-mutiko aritzen dira Etxalarko herri afaria antolatzen eta horietako bat da Uxue Iturria.

Uxue ITURRIA RAZKIN, Etxalarko gaztea

23 urte ditu Uxue Iturria etxalartarrak eta mendia, natura eta musika ditu afizio nagusia. «Etxalar naturaz inguratua den herria da eta bertako mendiak zein txokoak aunitz gustatzen zaizkit». Trikitia jotzen du, eta  «musikaz aunitz disfrutatzen dut, batez ere inguruko lagunekin zuzeneko kontzertuak ikustera joatean».

Afizioak afizio, abuztu erdialdean bestetan murgiltzeko garaia izanen du Iturriak. Ez zaio aunitz kostatuko,  «ttikiatik urtero gogoz»  hartzen baititu herriko bestak, «lagun zein herritarrekin aunitz disfrutatzeko».

Etxalarko bestetan Iturria ez da etxean egoten den horietakoa. Bezperan egiten duten herri afaria antolatzen duen taldearen parte da. Horrekin gutti ez eta trikitilaria ere bada, eta baita Andra Mari Dantza Taldeko kidea ere. Bestetan, beraz, batean edo bertzean baina herrian gauzak egiteko ariko da. 

Herri afaria antolatzen 17 neska-mutikok osatutako taldea ari dira, duela bi urte «afaria antolatzeko belaunaldi aldaketa egin ondotik». Maiatz hondarrean hasten dira antolaketa lanetan, «aurreko urtean egindako lan guztia baloratu eta aldaketa eta proposamen berriak aztertuz». Taldeko kide denen artean banatzen dituzte egitekoak eta lehen bilera egin orduko egin behar izaten dituzte lanik handienak: «Janaria eta ontziteria enkargatzea». Hurrengo  bileretan lan ttiki eta espezifikoagoak egiten dituzte, txartelak prestatzea adibidez, eta data hurbildu ahala, «gehiago elkartzen gara behar den guztia erosi, egin eta antolatzeko».

Egiteko horien artean, zailena bakoitzak egin beharreko lanen banaketa da Iturriaren ustetan, «denak gogoz eta urduritasun handiarekin» egoten direlako: «Afarian jende aunitz elkartzen gara eta dena ongi egotea eta herritarrak disfrutatzea da gure helburu nagusia».

«Urte osoan 16 urtetik gorako adin guztietako herritarrak elkartzen garen ia momentu bakarra da herri afaria»

Iturriarentzat xarma berezia du herri afariak, eta horrek badu motibo bat: «Urte osoan 16 urtetik gorako adin guztietako herritarrak elkartzen garen ia momentu bakarra da». Txaranga izaten dute afarian, eta horrek giro berezia osatzen du. «Gainera, jendea eskertua egoten da egiten dugun lanarekin, eta gu lanean egonda ere besta giroan gaude!». 

Bestetako egun handian dantzan aritzen da Iturria.  «Adin guztietako dantzariak egoten gara talde polita osatuz». Dantzari gazteenak izaten dira protagonistak, eta saioa borobiltzeko denak ateratzen dira dantzara. Dantza saioa prestatzeko, udazkenean hasten dira entseguak egiten, helduek ekainean egiten baitute beren jaialdia. «Behin ekaineko jaialdia pasata, sanferminen ondotik, berriz ere entseguekin hasten gara».

Trikitia jotzen ere bai

Dantzatzeaz gain, trikitia jotzen ere aritzen da eta  bestetako programan hiru ekitaldi izaten dituzte gorriz markatuta: bezperan eta abuztuaren 16an auzo auzo aritzen dira  musika jotzen 17an, berriz, urteroko saioa egiten dute plazan trikitilariek eta pandero jotzaileek.

Ekitaldi ofizial horiez gain, besta egiteko aitzaki ederra izaten da trikitia Iturriarentzat: «Etxalarko gazteek bazkaria antolatzen dute bestetan eta hor ere jo izan dugu bazkariaren bukaera girotzeko eta denak batera kantatzeko».

Bestak gozatzeko prest

Lanerako zein juergarako, gogotsu hartzen ditu  herriko bestak Iturriak eta aurten ere hala izanen da. Bereziki, bi momentu maite ditu: txupinazoa, «herri guztia herriko plazan elkartzen garelako bestak hasteko», eta bestak bukatzeko egiten den Asaua: «Giro berezia izaten da herritarrentzat, eta handik, txarangarekin herriko plazara joaten gara».

Txaranga aipatuta, etxalartarrek txaranga maite dutela dio, eta bestetako egun gehiagotan egotea «primerakoa» izanen litzatekeela.  Ilunabarretan izaten den musika eta erromeria taldeak aldatzea ere «eskertzen du».

Andramarien bezperan bestetarako dena prest dagoela, «herritar guztiak batera disfrutatuz eta elkar errespetatuz» besta ederrak pasatzea espero du Iturriak. Hala izan bedi. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun