Bestak 2025

Berako bestetan aparkalekuetan izanen diren murrizketei buruzko informazioa zabaldu du udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 30a

Toki Onako aparkalekua ez da erabilgarri egonen gaurtik abuztuaren 8ra arte.

Berako bestekin zerikusia duten ekitaldiak eta atrakzioak direla eta, Berako Udalak herriko hainbat aparkalekutan izanen diren murrizketen berri ematen duen bandoa kaleratu du.

Honakoak dira ezarritako murrizketak:

  • Erabat debekatuta dago Iamotenea-Toki Onako aparkaleku osoan aparkatzea feriatzaileen barrakak eta karabanak bertan instalatuta daudelako. Debekua   uztailaren 30etik abuztuaren 8ra egonen da indarrean eta behar bezala seinaleztatuko da.
  • Erabat debekatuta dago Kiroldegiaren atzealdeko Matzada kalean aparkatzea ferianteen karabanak bertan egonen direlako. Debeku hau ere uztailaren 30etik abuztuaren 8ra egonen da indarrean eta behar bezala seinaleztatuko da.
  • San Jose egoitzako erabiltzaileentzat eginen diren bestetako ekitaldiak direla eta, abuztuaren 2 eta 5ean egoitzako kalean aparkatzeko eta sartzeko debeku partziala ezarriko da, jarriko diren seinaleetan adieraziko diren orduetan.
  • Bestetako ekitaldiak eginen diren eta behar bezala seinaleztatuta egonen diren bertze eremu batzuetan aparkatzeko debeku partziala ezartzen ahal izanen da.

Murrizketa horiez gaien, azken urteetan bezala, bestek dirauten bitartean Bidasoa karrikako belardian aparkaleku berezia egokituko da ibilgailuek aparkatu dezaten. 

Gainera udalak jakinarazi du Kanttonberriko denbora mugatuko aparkalekuak (totem bidez kontrolatuak), goizeko ordutegian soilik egonen direla aktibo abuztuaren 4tik 8ra, eta gainerako denboran aparkaleku libreak izanen direla edozein erabiltzailerentzat.

Horrekin batera, Legia karrikara sartzeko pibote automatikoa desaktibatuta egonen da Berako bestengatik, eta horrela segituko du heldu den hilabeteetan, irailaren bukaeran hasiko diren Altzate karrikako obrengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun