Donostia ospitaleko odol bankuan aritzen zara lanean. Zer da odol banku bat?
Odol bankua edo hemoterapiako zerbitzua ospitaleko laborategiko eremuetako bat da eta odol-osagaiak gordetzeaz arduratzen da, pazienteei transfundituak izan bitarte.
Zer da bertan egiten duzuen lana?
Paziente batek transfusio bat behar duenean, haren odola aztertu eta eskuragarri dauzkagun odol-osagaietatik egokiena dena prestatzen dugu pertsonaren ezaugarri eta beharrak kontutan hartuz. Ondotik, aukeratutako odol-osagaia gaixoari helarazten diogu.
Zer da odola? Zein osagaik osatzen dute?
Odola gorputzeko zelula guztietara elikagaiak eta oxigenoa garraiatzeaz arduratzen den ehun likidoa da eta gure zain eta arterietan zehar bidaiatzen ari da etengabe. Plasma likidoz eta odol-zelulez (globulu gorriak, globulu txuriak eta plaketak) osatuta dago.
Zein dira odol-talde nagusiak?
Zortzi dira odol-talde nagusiak: A+, A-, B+, B-, AB+, AB-, O+ eta O-. Azken hau da gehien interesatzen zaiguna, emaile unibertsala denez, edozein odol-taldeko pertsonekin bateragarria delako edo, bertze modu batera erranda, edozeinek jasotzen ahal duelako O- taldeko odola.
Zer ateratzen da odoletik?
Odol-emate bakoitzetik hiru osagai lortzen dira: globulu-gorrien kontzentratuak, plaketak eta plasma. Globulu-gorrien kontzentratuak dira gehien transfunditzen diren odol-osagaia eta euren funtzioa pazientearen hemoglobina (oxigenoa garraiatzeaz arduratzen den odoleko proteina) balio normaletara bueltatzea da (odoljario baten ondorioz jaitsi delako, adibidez).
Eta zenbat egunez izaten duzue?
Odola ematen denetik, globulu-gorrien kontzentratuek 42 eguneko iraupena dute (2-6ºC-ko tenperaturan mantenduta), plaketek 5-7 egun bitartekoa (22ºC inguruan eta etengabeko mugimenduan mantenduta) eta plasmak 3 urte artekoa (-40ºC-tan izoztuta).
Odolarekin ibiltzen zarete lanean. Nondik ailegatzen zaizue odola?
EAEn Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa arduratzen da odol-emateak kudeatzeaz. Galdakaon (Bizkaia) dago kokatuta eta bertan prestatzen dituzte odol-osagaiak, ondoren, erkidegoko ospitaleetara banatuak izateko. Nafarroaren kasuan, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua izanen litzateke aipatutakoaren homologoa.
Zein da odola emateko prozedura?
20 minutu inguruko odol-erauzketa izaten da odola emateko prozedura, zeinetan litro erdi eskas odol lortzen den.
«Odol-transfusio bat hartzea denen eskubidea denez, odola emateak denen ardura izan behar du»
Behin odola emanda, zein izaten da odol horrek egiten duen bidea?
Odola bere osotasunean biltzen da, eta beraz, bildu ondotik, odol-osagaietan banatzen da. Bertzalde, aztertu egiten da gaixotasun-infekziosorik transmititu ezin duela ziurtatzeko.
Ospitalean, zeinek behar izaten du odola?
Badira egunero-egunero transfusioak behar izaten dituzten pazienteak. Kasu honetan paziente onkologikoak aipatuko nituzke, odoleko minbiziak dituztenak, bereziki. Bertzalde, anemia duten pazienteek, odoljarioa dutenek, koagulazio-arazoak dituztenek... ere behar izaten dituzte tranfusioak, baina modu puntualagoan.
Eta ospitaletik kanpo?
Edozein pertsonak aurki dezake bere burua transfusio baten beharrean. Adibiderik garbienetako bat auto-istripu baten ondorioz traumatismoak jasan dituen paziente bat izan daiteke eta adibideko paziente hori edonor izan gaitezke.
Pertsona batek odola eman nahi badu, zer egin beharko luke?
Lehendabiziko pausua https://www.adona.es/ web-orrian ordua hartzean izanen litzateke. Behin odola ematera joatean, galdetegi bat bete eta medikuarekin kontsulta pasatu behar izaten dira odol-emaile izan zaitezkeen ziurtatzeko.
Zenbatean behin ematen ahal da, eta zer baldintza bete behar dira?
Gizonezko osasuntsu batek urtean lau aldiz eman dezake odola (hiru hilabetetik behin) eta emakumezko batek, berriz, hiru aldiz (lau hilabetetik behin). Baldintzei dagokienez, 18 eta 65 urte bitartean izatea, 50kg baino gehiago pisatzea eta patologia garrantzitsurik ez izatea dira nabarmenenak.
«Edozein pertsonak aurki dezake bere burua transfusio baten beharrean»
Zergatik da garrantzitsua odola ematea?
Odola ematea izugarri garrantzitsua da, bizitzan zehar, lau pertsonatik hiruk transfusioren baten beharra izanen dugula estimatzen delako. Horregatik, erreserbak mantentzea ezinbertzekoa da. Datu zehatzak aipatzearren, Gipuzkoan, adibidez, egunero 80 pertsonak behar izaten dute transfusio bat eta, guztira, 150 transfusio egiten dira egunero.
Eta zergatik animatuko zenituzke herritarrak odola ematera?
Arrazoi desberdinengatik: odola emateko prozedura erraza da, bete beharreko baldintzak hagitz zabalak, odol-bilketak herriz herri antolatzen direnez eskuragarri daude denontzat, odola ematea eskuzabaltasun keinu izugarri polita da… Labur erranda, odol-transfusio bat hartzea denen eskubidea denez, odola emateak denen ardura izan behar duelako animatuko nituzke herritarrak odola ematera.

