Goldatz Berako talde feministatik, urteak daramatzagu Berako bestak guztiontzat bizigarri bihurtzen. Ospatzen dituen jendartearen ispilu dira bestak, baina aldi berean, baita jendarte hori eraldatzeko bide ere. Guztiontzat gozamenerako esparru izan behar direlako, eta ez, etengabe ikusten ditugun bazterkerien, indarkerien edo desberdinkerien eremu. Hargatik, aurten ere, goldeak egiten duen gisan lan egin dugu Berako Bestetak iraultzeko.
2023an egin genuen Berako Bestetan pilota jaialdi misto baten aldeko aldarria, baina oraingoz ez da horren aldeko apusturik egin. Berako Udalak, feministoi bizkarra emanez, bi pilota jaialdi egitea hautatu du: bata gizonezko pilotari profesionalena eta bertzea emakumezkoena. Guk bertze behin, argi diogu pilota jaialdiak bakarra eta mistoa izan behar duela.
Espazio publikoa denona izan dadila nahi dugu. Espazio publikoaren okupazioak garrantzi handia du botere-harremanak eraldatzerako orduan. Mugimendu feministatik azpimarratzen dugu esparru publikoan gizonek duten pribilegiozko posizio horri uko egitea ezinbertzekoa dela berdintasuna lortzeko bidean; eta hori pilotan, jaialdi misto batek bermatuko luke soilik, emakume pilotari profesionalen presentzia gizonezkoen maila berean jarriz.
Bi espazio banatu izateak gizonezko pilotarien eta emakumezko pilotarien bereizketa normalizatzen du, berauek baztertzaile bilakatzen baitira beti emakumeontzat; sistema honen generoaren araberako hierarkiak irabazten du etengabe, eta interesak, prestigioa zein ikusgarritasuna ez dira berdin banatzen.
Jaialdi mistoa egitearena gainera, ez da soilik emakume pilotarien presentzia gizonezkoen baldintza beretan bermatzeko hartu beharreko neurri bat. Berdintasunerako bidean, plazetan jorratzen diren gaiak eta ekimenak, feministokin klabe feministetan pentsatu behar dira.
Nekez aurki daiteke Berako pilota eskolan neskatorik jostetan, eta noski, hori arazo estrukturala da, erroak sistema heteropatriarkalean dituena. Hori eraldatzeko emakume pilotari erreferenteak sortuko dituen pilota jaialdia behar dugu. Berako neska gazteentzat pilota jaialdi misto batean emakumeek izanen duten presentzia hagitz garrantzitsua da: erakutsiko die frontoiaren parte izan daitezkeela inoren azpitik egon gabe. Jaialdi bereizi batek, aldiz, erreferenteen banaketa modu isilean eginen du, ezberdintasun sistematikoaren eraginez segregazioa sendotuz.
Pilota jaialdiaren baitan harturiko erabakiak aldaketak ekarriko ditu, tartean, ez dugula adibidez haurren pilota jaialdirik izanen aurten, eta guk, noski, ez dugu begi onez ikusten. Guk, oinarri feministetan egindako egitauaren alde egiten dugu lan.
Guztion ardura da bazterketarik gabeko besta batzuk sortzea, beraz, har dezagun guztiok dagokigun erantzukizuna.