Berako Udalak 21.000 euro pasako dirulaguntza hartu du Europako Next Generation funtsetatik, eta diru hori herriguneko turismo bulegoa ikusgarriago eta argitsuago bilakatzeko lanak egiteko baliatu du. Lanen ondotik, irisgarriagoa eta erosoagoa da turismo bulegoa.
Bertzeak bertze, bulego barreneko zein kanpoko iruditegia guztia berritu dute egindako lanetan. Janire Andres Zapiain diseinatzaileak egindako hainbat panel kokatu dituzte bertan, Berako mapak, mendi ibilbideak, kultur ondareak, egin daitezkeen bisitak zein bertako produktuen gidak biltzen dituztenak.
Aldaketa hauekin guztiekin, herrian turismo jasangarriaren aldeko apustua egin nahi du udalak bertze behin, kontuan izanik turismoak Beran, gizartean, kontsumoan, kulturan edota ingurumenean duen eragin nabarmena.
Turismo bulegoa udarako irekia
Azken urteetan bezala, udalak teknikari bat kontratatzeko apustuarekin segituko du eta Kultur Etxeko turismo bulegoa uda sasoirako ireki dute momentuz. Ordutegi hau izanen du: astelehenetan itxita; asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.
Bide beretik, Ibardingo bulegoan iaz egin ziren berrikuntzen ondotik, urte osoan irekita mantentzea lortu dute, eta egun, martxan dagoen langilerik gabeko turismo bulegoa da.
