Bertze urte batez Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak Puntu Morea zerbitzua emanen du bestetako asteburuan Emagin elkartearekin:
- 19:00-00:00 Informazio gunearen karpa morea. Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko txosnagunean kokatutako sentsibilizazio eta prebentziorako puntua da.
- 00:00-08:00 Arreta gunea Mukixu haur eskolan. Bestetan neska, emakume nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da.
- 19:00-08:00 salaketa eta arreta telefono zerbitzua: 722 467 197. Bestetan eman daitezkeen eraso matxisten aitzinean telefono bidezko zerbitzua da. Herritarrei arreta telefonoa gordetzeko gonbidapena luzatzen diegu.
Berdintasun Zerbitzuak oroitarazi du eraso matxista bat ikusi edo jasanez gero, puntu morera jo edota txosnagunean zapi morea dutenek lagunduko dituztela. Gainera, urte osoan izandako indarkeria matxistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi edota baliabideen berri izan nahi dutenek Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua jo dezakete: berdintasuna@bortziriakberd.eus posta elektronikoan eta 722 69 30 78. Biltzen den informazio guziaren konfidentzialtasuna bermatzen dute.
Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak gogorazi nahi du, «denon erantzukizuna dela guzientzako espazio seguruak, askotarikoak eta errespetuzkoak eraikitzea, bai urtean zehar, bai bestetan. Argi eta garbi adierazi nahi dugu besta giroak eta ezerk ez duela justifikatzen inolako eraso matxistarik».