Lesakako BTT ibilaldirako online izen emateko aukera zabalik

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 25a

Bi ibilbide eskainiko ditu aurten ere Lesakako BTT ibilaldiak.

Datorren irailaren 14an, igandea, Lesakako BTT Ibilaldiaren edizio berri bat antolatu du Beti Gazte elkarteak, bizikleta egutegian finkatua eta mendiko bizikleta zaleek espero duten ekitaldia. Ibilaldiak bi ibilbide eskainiko ditu aurten ere, parte hartzaile bakoitzak aukeratuko dituenak: Ibilbide motzak 23,24 km luze eta 770 metroko desnibela izanen du eta ibilbide luzeak 37,1 km luze eta 1.414 metroko desnibela. Izen-emateak irekiak daude www.kirolprobak.com atariaren bitartez eta irailaren12ko 23:59ak arte egin daiteke.

Ibilbideari, ordutegiei eta araudiari buruzko informazio guztia Beti Gazte elkartearen webgune ofizialean ere kontsultatu ahal izanen da.

Beti Gazte elkarteak kirolzale guztiak animatu nahi ditu mendi bizikletaren besta honetan parte hartzera, «bai bere burua gainditu nahi dutenentzat, baita ingurune pribilegiatu batean bizikletaz gozatu bertzerik nahi ez dutenentzat».

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkie aurten ere ibilaldi hau egitea ahalbidetzen duten babesle, laguntzaile eta boluntario guztiei: «Haien konpromisoa eta ahaleginak funtsezkoak dira hazten jarraitzeko eta kalitatezko proba bat eskaintzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun