Nor dugu Uxue Alustiza Iparragirre?
Arantzan bizi den neska arrunt bat. Egunerokoan, energia positiboa ematen saiatzen naiz, jendearekin konektatzea aunitz gustatzen baitzait. Lagunen artean beti nabil zerbait erranez eta irriz; eguneroko gauza ttikietan, zoriontasuna bilatzen duen horietakoa naiz.
Nolako haurtzaroa duzu gogoan?
Arrunt polita. Karrikako jostetak, lagunak, familiarekin gozatuz… Horixe zen nire egunerokoa. Udan familiaren kostaldera oporretan joanda eta Uxue herrian pasatutako momentu politak ere gogoan ditut. Nire aiton-amonek etxea dute han eta horregatik ere paratu zidaten Uxue izena nire gurasoek.
Zein dira zure afizioak?
Musika aunitz gustatzen zait; Arantzan bizita, etxetik atera eta paseotxo bat mendian ematea eta bertako paisaiaz eta naturaz gozatzea ere bai. Eta, noski, lagunekin ateratzea, bidaia ttikiak egitea, eta bestaz besta ibiltzea nire eguneroko bizitzaren parte dira.
Plaia edo mendia?
Plaia, dudarik gabe! Itsasoak lasaitasuna ematen dit, olatuen soinua aditzea lasaigarria da. Eguzkia, plaia eta itsasoko uretan lasai sentitzen naiz. Mendia ere gustuko dut, batez ere udazken partean, baina plaiako askatasun sentsazio hori ez didate bertze tokiek ematen.
Udako planik gustukoena zein da?
Plaiara joan, arratsaldean terrazan zerbait hartu, eta arratsean zerbait afaldu lagunekin edo familiarekin. Hori da plan perfektua niretzat.
Besta egiteko toki eta egun bat?
Arantzako bestak. Uda giroan, herriko plazan dantza egitea eta lagun eta adin guzietako jendearekin elkartzea aunitz gustatzen zait. Urteak abuztuaren 14an betetzen ditut, bestetako lehenbiziko egunean, eta egun berezia izaten da niretzat.
Nora bidaiatuko zenuke gustura?
Maldiva uharteetara eta Ameriketara joatea gustatuko litzaidake. Euskaldun aunitzek euren bizia Ameriketan egin zuten eta hango lekuak eta bertako kultura ezagutzea gustatuko litzaidake.
Arantzako tokirik gustukoena?
Herriko plaza. Han hasten eta bukatzen dira egun gehienak: umeak jostetan, gazteak eta helduak solasean lasai ederrean, inauterietako eta bestetako parranda amaigabeak… Xarma berezia duen lekua da.
Zer du Arantzak bertze herriek ez dutena? Eta falta?
Arantzak nortasun berezia du, jendea erakartzen duena. Hain herri ttikia izateko lau ostatu ditu eta beti izaten da giro berezia. Herri mailan, denok elkar ezagutzen dugunez, babestuak sentitzen gara. Zerbait faltatzekotan, igerileku ttiki bat erranen nuke, baina bueno, dena ezin da izan, erreka bazter berezi aunitz ditugu.
Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Jendearekin konektatzeak, irriak partekatzeak, eta norbere buruarekin bakean egoteak. Batzuetan gauza aski arruntek —mendi buelta batek, lagun baten besarkadak edo eguzkipean tragoxka bat hartzeak— zoriontasuna ematen didate.
Amets bat?
Osasuna lagun izanda, denbora luzez ingurukoekin bizitza partekatzen segitzea: familia, lagunak eta bihotzeko jendea ondoan izatea. Eta noski, munduko xoko aunitzetan ibiltzea.