Bestak 2025

Emakume baserritarrek botako dute Arantzako bestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Joan den urtean, herriko txistulariek bota zuten bestetako txupinazoa.

Arantzako Udalak abuztuaren 14ko goizean Herriko Etxera hurbiltzeko deia egin die herriko emakume baserritarrei.

Abuztuaren 14tik 17ra izanen dituzte aranztarrek bestak, eta bestei hasiera emanen dien txupinazoa nork botako duten ere jakina da. Udalak txupinazoa botatzeko hautagaiak proposatzeko aukera eman zien herritarrei, eta horiek bildu ondotik, erabakia jakinarazi du: herriko emakume baserritarrek izanen dute bestei hasiera emateko ohorea.

Horren harira, udalak herriko emakume baserritarrei abuztuaren 14an Herriko Etxera hurbiltzeko deia egin die. 11:00etan egin dute hitzordua. 

Herri bazkariko txartelak 

Bertzalde, bestetako lehenbiziko egunean, abuztuaren 14an, izanen den herri bazkarirako txartelak ere salgai daude. 40 eurotan herriko ostatuetan erosten ahal dira eta abuztuaren 10a izanen da hondarreko eguna. Joan den urtean bezala, bazkalondoan Trikidantzekin dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun