Berako Gau Krosaren ibilbidea ezagutzeko hitzordua izanen dute heldu den astelehenean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 23a

Abuztuaren 1ean, heldu den ortziralean, eginen dute Berako Gau Krosaren hamaikagarren edizioa. Ibilbidea ezagutu nahi dutenek, horretarako aukera izanen dute heldu den astelehenean, hilaren 28an. Hitzordua 21:45ean paratu dute Altzateko plazan.

Berako Gau Lasterketako izen ematea irekia dago eta hemen sartuta egin daiteke 10 euroren truke uztailaren 31ra arte. Egunean berean izena emanez gero, 14 euro ordaindu beharko dira. Gehienez 250 lasterkarik parte hartzen ahalko dute.

Proba 22:00etan hasiko da eta parte hartzaileek derrigorrez eraman beharko dute kopetako argia.

Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek eta lehenengo bi kuadrillek Biokeko sortak hartuko dituzte saritzat. Gainera, kide gehien dituen kuadrillak (gehienez 10) bazkari bat hartuko du sari gisa Mendiko jatetxean, Ibardin Fundazioak emana. 

Parte-hartzaile guztien artean Ptzel markak emandako 10 kopetako argi zozketatuko dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun