Lesakako Udalak bi mendi pista konpontzeko lanak esleitu ditu. Alde batetik, Ikatzulo eta Zumarra arteko zatia moldatzen hasiak dira uztailaren 14an eta Zalatik Goiko Iragara 170 metro luze izanen dituen bide berria eginen da. Bi lan hauek herriko Excavaciones Mikel Ubiria SL. Enpresak eginen ditu eta 63.598,31 euroko kostua izanen dute. Lan hauen %55a Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du.
Ikatzulo –Zumarra
Bide honetan automobilen eta kamioien mugimendu handia izaten da eta eremu horren ingurutik egur aunitz atera da azken urte hauetan. Bertzalde, hortik ibiltzen dira abeltzain aunitz, inguru hartan daudelako larreak. Ehiztarien postu gehienak ere hor daude eta udazkenean harat-honat handia izaten da.
Aldi berean, zoritxarreko suteren bat gertatuz gero, bide nagusietako bat da suhiltzaileentzako.
Bidea gaizki zegoela ikusirik, Lesakako Udalak, Basartea enpresaren bidez, proiektu bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan diru laguntza eskatzeko eta orain lortu du udalak hori gauzatzea.
Lanak, uztailaren 14an hasi dira eta 1.200 metroko luzera duen zatian ubideak txukuntzeaz aparte, zenbait lekutan lubetak eginen dira, zola berdinduko da eta harri xehearekin estaliko da.
Zala-Goiko Iraga
Aitzineko agintaldian sortutako ideia da Zala eta Goiko Iraga arteko bide berri hau egitea. Herrigunetik bertara joateko, Biurrana auzotik dagoen pista luzea dela eta egoera kaxkarrean dagoela ikusirik, Ezkerren borda baserrira doan pista konpondu eta handik Goiko Iragaraino 170 metroko luzeran bide berria eginen da.