Elizatean egindako lana aurkezteko, ate irekien eguna egin dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 22a, 19:00

Igantziko Elizateko lana aurkezteko egindako ekitaldian Aurreskua dantzatu zuten herriko dantzariek.

Uztailaren 19ko inaugurazio ekitaldian, udal ordezkariez gain, Bortzerrietako udal ordezkariak eta Nafarroako Gobernuko agintariak ere egon ziren.

XVI. mendeko etxea, hainbertze urtez udal bulegoei eta La Villa jatetxeari lekua egin dion eraikina, txukun aski gelditu dela erran beharra dago.

Inaugurazio ofiziala larunbat goizean egin zuten, jende guziari irekia. Juankar Unanua alkateak eta Manuel Telletxea zinegotziak moztu zuten zinta eta, gainerako zinegotziekin batera, Bortzerrietako alkateak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere etorri ziren ekitaldira, tartean Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria. Dantzarien aurreskuaren ondotik, otordu ederra eskaini zuen udalak frontoian inauguraziora joan ziren guziendako.

Juankar Unanua alkatea eta Manuel Telletxea, zinta mozten.

 

Biltoki elkartea ere Elizatera tokialdatu dute

Biltoki Elkartea ere atera da orain arte egon den egoitzatik eta, ekitaldia probestuz, pasa den larunbatean erakutsi zuten nola gelditu zen egoitza berria. Bazkideak aitzineko astean hainbat egunez ibiliak ziren tokialdatze lanetan eta, dagoeneko, Elizatean dituzte puska guztiak. Hala ere, baimena eskutan izan arte, bazkideek ezin izanen dute egoitza berria erabili.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun