Bestak 2025

Berako bestetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte txosnagunean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 22a, 11:00

Ia dena prest dute beratarrek abuztuaren 2tik 6ra ospatuko dituzte herriko bestetarako. Tartean, txosnaguneak aurtengo egitaraua aurkeztu du eta hainbat ekintzatarako izen emateko epea ireki dute.

Bestak hasteko txupina abuztuaren 2an botako badute ere, ortziralaean, abuztuaren 1ean irekiko dute txosnagunea. 21:00etan izanen da irekiera, eta ondotik, 21:30ean presoen aldeko elkarretaratzea eginen dute.

Larunbatean, abuztuaren 2an, 10:00etan gosari herrikoia antolatu dute eta handik txupinazora joanen dira elkarrekin. Gosarian xingarra, txistorra, xolomoa eta tortilla izanen dituzte jateko eta txartelak 10 euroren truke daude Agaran salgai uztailaren 29ra arte. Abuztuaren 2ko arratsaldean, 19:00etan irekiko dute txosna eta Zker elektrotxaranga ariko da jotzen. Eguna borobiltzeko, 23:00etan Kilimak taldearen kontzertua izanen da eta 00:30ean DJ Infernu ariko da.

Igandean, abuztuaren 3an, 23:00etan Bisai taldearen kontzertua izanen dute.

Astelehenean, abuztuaren 4an, mozorro eguna antolatu dute. 16:00etan auzo jokoak izanen dituzte lehenengoz Frantxia Haltzuet Altzate plazan. 13 urtetik gorakoei zuzenduriko ekintza da eta helburua herritarren arteko harremanak sustatzea eta Berari buruz gauzak ikastea da.

Auzo jokoetan parte hartzeko izen ematea irekia dago eta uztailaren 29a arte Errekalden, Katakun eta Purienean egin beharko da. Online egiteko aukera ere ireki dute hemen. Izen emateak egitean, antolatzaileek osatuko dituzte taldeak.

Auzo jokoan bukatzean merienda izanen dute parte hartzaileek eta 19:30ean Zaunka taldea ariko da, eta ondotik, DJ Diskodelia.

Abuztuaren 5ean, asteartea, Itzal erromeria ariko da 19:00etan eta 23:00etan eta bestak borobiltzeko, abuztuaren 6an, asteazkena, 12:00etan  mutxikoak izanen dira, 19.30ean Los Txingones de la Rencle eta 23:00etan Harat taldea ariko da.

Hiltzaile kluba martxan

Azken urteetan bezala bestetan hiltzaile kluba eginen dute txosnagunean. Horretarako, aitzinetik izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek Berako txosnagunearen Instagram kontura mezu pribatu bat idatziz.

Txosna irekieran, abuztuaren 2an,  partaide denek hartuko dute beharrezko informazioa, eta paper denak banatu ondotik, 20:00etan hasiko da jokoa.

Banatuko dituzte paperetan paratuko dute bakoitzak hil behar duen pertsona eta moduaren inguruko informazioa ere. Parte hartzaile bat hiltzen duten aldiro, hildakoak hiltzaileari bere proba eman beharko dio, eta aldi berean, mezu pribatu bat idatzi beharko du txosnagunera nola hil duten azalduz.

Jokoaren helburua, denek elkar hil, eta azkenerako, parte hartzaile bakarra gelditzea da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun