Danborraren erritmora elkarrekin arraunean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 12a, 08:00

Ezkerrean Maite Criado eta eskuinean Beatriz Garcia. Beratarrak dira eta joan den urtetik Dragon Boaten ibiltzen dira.

Ikerketen arabera, bularreko minbizia izan dutenentzat edo bertzerik gabe, prebenitzeko ona da Asiatik heldu den Dragon Boat arraun modalitatea. Maite Criado eta Beatriz Garcia beratarrak Hondarribira joaten dira kirol honetan ibiltzera.

Dragon Boat. Halaxe deitzen diote Txinatik heldu den arraun modalitate honi. Ontziak duen dragoi itxurak ematen dio izena, dragoi baten burua baitu brankan, aitzinean, eta buztana, berriz, popan, gibeleko aldean. Ez da atzo goizeko kirola, 2.000 urte baino gehiago ditu eta Asiatik mundu osora zabaltzen ari da, baita Euskal Herrira ere. 

Eskualdetik hurbil, Hondarribian (Gipuzkoa) ibiltzen dira modalitate honetan arraunean, eta TTIPI-TTAPAren inguruko herritar batzuek hantxe izaten dute hitzordua, tartean, Maite Criado Del Puerto eta Beatriz Garcia Rios beratarrek. Bata zein bertzea joan den urtean hasi ziren Dragon Boaten. Criado izan zen pausoa eman zuen lehenbizikoa, «fisioterapeutaren bitartez», eta Garcia ondotik, «Maitek animatuta». Criadok kontatu duenez, «fisioterapeutak arrauna gustatuko litzaidakeela aipatu zidan, eta hastekotan nintzela, Dragon Boaterako jende bila ari zirela erran zidan, probatzeko. Hala egin nuen. Igande batean joan nintzen eta ikaragarri gustatu zitzaidan». Garciak onartu duenez, «betitik arreta pizten zidan arraunak, baina inguruan ez nuen arraunean ibiltzen zen inor. Maitek kontatuta, aukera sortu zitzaidanean, baietz erran nion eta hortxe segitzen dut». Biek aitortu dute «hagitz gustura» dabiltzala.

45 laguneko taldea 

Hamar urtez halako ontzi baten gibeletik ibili ondotik, 2024an paratu zuen martxan proiektua Iñaki Navascues Trikik Hondarribian. «Proiektua aitzinera ateratzeko babesle bila ibili ginen, Donejakue Bidea ere egin genuen dirua biltzeko, eta azkenean, 2024an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa lortu genuen». Orduan uretaratu zuten lehenbiziko Dragon Boat Hondarribian. Navascuesek zehaztu duenez, «24 lagunekin hasi ginen, hasiera hartan denak emakumezkoak». Urtea pasatu da geroztik, eta «gaur egun 45 gara. Taldea inklusiboa da, emakumezkoei zein gizonezkoei irekia, baina gehienak emakumezkoak dira: 45etik 41 emakumezkoak dira eta lau gizonezkoak gara. Eta horietatik hamabortz andre bularreko minbizia izan dutenak dira».

Dragon Boat modalitatean arraunean, tartean dira, Garcia eta Criado beratarrak. Argazkia: Iñaki Navascues.

Bularreko minbiziaren kontra 

Ontziaren itxuratik haratago, horixe da kirol modalitate hau berezi egiten duen bertze ezaugarria: «Bularreko minbizia dutenendako edo izan dutenendako ona da, ebakuntza ondoko prozesuetan laguntzen du, bertzeak bertze, arraunean egin behar izaten den mugimenduak ebakuntzen ondorioz ahuldu diren giharrak indartzen laguntzen baitu». Eta ez da hori bakarrik. Halaxe azpimarratu dute bi beratarrek: «Guk ez dugu minbizirik izan, baina bularreko minbiziaren kontra prebentiboa da». Honela gaineratu du Navascuesek: «Hori ez dugu guk erraten. Ikerketa aunitzek erakutsi dute ona dela eta osasun arloko profesionalek gomendatzen dute».

Entrenamenduak 

Astean bi aldiz biltzen dira entrenatzeko, nahiz eta Navascuesek onartu duen «neguan Bartzelonako jaialdi batera joateko astean hiru entrenamendu» egiten ibili zirela . Baina lehengo martxara bueltatuak dira berriz, eta bi entrenamendu egiten dituzte. Ortzegunetan 18:30ean eta igandetan 10:30ean biltzen dira. Hala ere, zehaztu duenez, «udan, segur aski, bi entrenamenduak astegunez eginen ditugu».

«Hasi ginen arte ez genuen kirol honen berririk, eta hasita ohartu gara hagitz zabaldua dela»

Maite CRIADO eta Beatriz GARCIA

Criadok eta Garciak ez zuten Bartzelonara joateko aukerarik izan, baina gogoan dute «joan den urtean Asturiasko jaialdi batera» joan zirela arraunean aritzera: «Irail hondarrean izan zen eta atera ginen lehenbiziko aldia izan zen». Txapelketak egiten direla ere aipatu dute: «Dragon Boat Piraguismo Federazioaren barrenean dagoen modalitatea da eta toki aunitzetan txapelketak egiten dituzte, bai estatu mailan, baita mundu mailan ere. Hasi ginen arte ez genuen kirol honen berririk, eta hasita ohartu gara hagitz zabaldua dela». 

Gustura dabiltzan seinale, entrenamenduetan hortxe izaten dira Garcia eta Criado: «Batzuetan ezin izaten dugu, baina posible badugu behintzat, tarte hori guretzat hartzen saiatzen gara. Ikasi beharrekoak bortz jarraibide dira eta erabat kontzentratua egoten zara. Ordu bat eta erdiz ez duzu bertze deusetan pentsatzeko astirik izaten».

Gainerakoan, entrenamendu batzuk bertzeak baino gogorragoak» izaten direla diote beratarrek: «Itsasoaren edo jende kopuruaren araberakoa da, ez baita lan iguala egin behar itsasoa zakar dagoenean edo lasai dagoenean. Eta zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta errazagoa da». Ontzian kokapenaren arabera ere aldatzen omen da egin beharreko esfortzua. «Lehenbiziko lerroetan dagoenak, adibidez, gogorrago egin behar du arraun». Bertzalde, entrenamendu bakoitzean «7,5-8 bat kilometro» egiten dituztela esplikatu dute Garciak eta Criadok: «Batzuetan Hondarribiko portu aldera joaten gara, bertzeetan hondartza aldera, bertze arraunlariak entrenamenduak egiten dituzten tokira, Hendaiara, Faisaien Uhartera... Itsasoa euriarekin polita da, ekaitzarekin polita da eta eguraldi onarekin ere polita da. Ilunabar ederrak ikusi izan ditugu ontzitik». 

«Fisikoki eta psikologikoki on egiten digu»

Maite CRIADO eta Beatriz GARCIA

Onurak

«Fisikoki eta psikologikoki» on egiten diela gehitu dute: «Gure zirkulutik atera eta ingurukoa ez den jendearekin elkartzea hagitz aberasgarria da. Denak hagitz diferenteak gara, 70 urte ditu zaharrenak eta 19 urte gazteenak. Eta bakoitza bere eremutik heldu da: bat atezain izandakoa da gaur egun jubilatua dena, ile apaintzailea bertzea, administraria bertzea... Bagara  denetarik. Batzuk aspaldi minbizia izandakoak dira, bertzeak orain gutti izan dutenak... Bertzeekin enpatia sentitzeko ikaragarri laguntzen du».  

Agudo hamabiko ontzia

Dragon Boateko ontziak 12 edo 22 palistek osatzen dituzte. Horietako bat danborrarekin aritzen da, palakaden erritmoa markatzen, eta bertzea lemazaina da, ontzia gidatzen duena. Gaur-gaurkoz, 22ko bi dituzte Hondarribian eta horietako batean ibiltzen dira bi beratarrak. Baina luze gabe 12ko bertze ontzi bat ere izanen dute eskura, Navascuesen hitzetan, «Gipuzkoako Foru Aldundiari esker». Hiru ontzi izanen dituzte horrela eta horrek «teknika hobetzeko» ez ezik, «hazten segitzeko» balioko omen die.

Horrekin batean, «helburua kirolaz disfrutatzea» dela erran du proiektuaren bultzatzaileak, «erabiltzaile bakoitzaren bizi kalitatea hobetzea, igual du bakoitza nondik heldu den eta gaur egun nor den, zer adin duen, emakumezkoa den edo gizonezkoa den, sasoian dagoen edo ez, eta arraunean ongi moldatzen den edo ez. Elkar errespetatzeaz eta elkarri laguntzeaz ari gara. Hau ez da lehia, hemen denak batean goaz». 

Bidenabar, Garciak eta Criadok «animatzeko» deia egin dute: «Arrazoi aunitzengatik aholkatuko genioke jendeari probatzeko. Nahi duena probatzera joaten ahal da eta gustatzen bazaio, hasi. Kirola egiteaz aparte, esperientzia zoragarria da. Merezi du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun