Berako errekak garbitzeko auzolana eginen dute uztailaren 19an

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 10a

Herritar batzuk iazko auzolanean.

Herritar denei zuzenduriko deialdia da heldu den larunbatekoa eta parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da Herriko Etxean. Azkeneko eguna uztailaren 17ra izanen da. 

Berako Udalak eta Ehiza eta Arrantza elkarteak elkarlanean, erreka bazterren garbiketa antolatu dute uztailaren 19rako.  09:00etan emanen zaio hasiera auzolanari Altzateko plazan eta hiru talde osatuko dira Bidasoa ondoko ibaibidea, Matzada eta Iturlandetako erreka bazterrak garbitzeko.

Zaborra bildu eta traban dauden enbor eta landaredia kenduko dute.  Auzolanean parte hartzeko, izena eman behar da aitzinetik udaleko telefono honetara deituz (09:00-13:30) 94 863 00 05 edo helbide elektroniko honetara idatziz bera@bera.eus. Epea uztailaren 17an bukatuko da. 

Zabor bilketarako eskularruak eta oinetako egokiak ekartzea gomendatzen dute. Gainera, tresneria duenak ere eramateko deia egin dute: aihotza, igitaia, aizkora, zerra.... Motozerrak eta sasiak garbitzeko makinak ere beharko dira. Erreminta horiek izan, eta erabiltzeko prest daudenek, izen ematerakoan erran beharko dute. Ekitaldia bukatzeko 13:00etan hamaiketakoa izanen da Ehiza eta Arrantza elkartean.

Berako Udalak herritar denak animatu ditu auzolanean parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun