Lesakako Osasun Zentroa eta Bortzirietako kontsultategiak itxiak izanen dira astelehenean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 5a, 11:00

Astelehenean, uztailaren 7an, Lesakako Osasun Zentroa eta Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko kontsultategiak itxiak izanen dira. Hala, larrialdi kasuak bertze besta egunetan bezala artatuko dituzte, 112ra deituta.

Bertzalde, Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako Udalek joan den astean jakinarazi zuten uztailaren 21etik aitzinera Bortzirietako kontsultategietan sei mediku izatetik bi izatera pasatuko direla.

Baina data hori baino lehenagotik ere badira hutsuneak. Arantzako eta Igantziko medikua apiril bukaeratik bajan dago, eta Berako kontsultategiko bi medikuetatik baten lanpostua titularrik gabe dago 2024ko otsailetik, eta bertzea 2025eko uztailetik aitzinera ere kasu berdinean izanen da.

Osasunbidea ordezkoak bilatzen ari dela errana dute, baina momentuz ez dagoela inor lanpostu horiek betetzeko. Gauzak aldatzen ez badira, beraz, uztailaren 21etik aitzinera sei familia mediku izatetik bi izatera pasatzea aurreikusi dute. Eta hori gertatzen bada, pazienteak artatzeko modua aldatuko dute: Arantza, Igantzi eta Etxalarko kontsultategira medikua ezin izanen da joan eta Bera eta Lesakan mediku bana egonen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute Bortzirietako etxeetara ematen diren arreta eta larrialdiek. Lan hori Lesakako eta Berako bi medikuek egin beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun