Behobia pasabide eta gurutze bide

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 6a, 09:00

Behobiako biribilguneetako bat. Trafikoa handia denean, autoak eta kamioiak ez aitzinera ez gibelera gelditzen dira. ttipi-ttapa

Aunitz dira Beran barna Gipuzkoara lanera joaten direnak eta behin baino gehiagotan tokatzen zaie auto ilara luzeak direla eta geldirik egotea. Egunerokoan errepide hori erabiltzen duten lau herritarren esperientzia bildu du TTIPI-TTAPAk eta «nazkatuta» daudela diote.

Herri ttikietan autoa ezinbertzeko laguna izaten da ia herritar gehienentzat, eta baita beharrezko tresna ere, aisialdirako ibiltzeaz gain, lanerako ere ibiltzen baitute aunitzek. Errepidean, ordea, behin baino gehiagotan tokatzen dira ezustekoak, istripuak, errepidea berritzeko lanak edo matxurak tarteko, eta beraz, irteera ordua jakin bai, baina, zaila izaten da iritsierakoa asmatzea. 

Aunitz dira egunerokoan autoa hartzen duten herritarrak eta horietako aunitz Gipuzkoara, Irunera zein Donostiara autoz mugitzen direnak, Beran barna, eta ohituta daude kotxean geldirik egotera. Ilara horien artean, orain arte ohikoak izaten dira AP-8 autobidean Iparralderako noranzkoan uda eta opor sasoian izaten direnak. Azken urteetan, ordea, horiez gain, ohiko estanpa da batez ere astelehen eta astearte goizetan kamioi ilara luzeak sortzea Behobiako biribilgunetan. Igande eta besta egunetan, kamioiek ezin dute Iparraldeko muga pasatu, eta bidea irekitzean, kamioi ilara luzeak sortzen dira Biriatuko ordainlekuan, AP-8 errepidea, Behobia eta N-121-A errepidea kolapsatuz.  

Andrea Escagüések, Ainhoa Altzugurenek, Karlos Aizpuruak eta Ines Matxiarenak egunero ez bada, guttienez astean hirutan edo lautan hartzen dute kotxea lanerako, eta gero eta gehiagotan tokatzen zaie errepidean geldirik egotea. Bortzirietatik Donostiarako joan-etorria egiten dute Escagüések, Altzugurenek eta Matxiarenak, eta Saratik Amasa-Villabonarakoa Aizpuruak, eta denek ibiltzen dituzte errepide berdintsuak eta denak igarotzen dira maiz Behobiatik joaterakoan zein itzulerakoan. Auto ilarengatik denbora aunitzez geldirik egotea tokatu zaie lauei, eta egoerarekin «nekatuta» daude. 

Lau ordu 45 minutu egiteko

Saratik Amasa-Villabonara lanera joaten da Aizpurua, eta astean bizpahirutan egiten du bidea.«Itzulerako ordu zehatzik ez dut izaten, eta horren arabera aukeratzen dut zein errepide erabili». 23 urte daramatza Saran bizitzen, eta azken urteetan Ipar Euskal Herritik Hegoaldera «auto mugimendu handiagoa» sumatu du. 

Arantzatik Donostiarako ospitalera arteko bidea egiten du Escagüések astean lauzpabortz aldiz, eta normalean 40-45 minutuko bidea izaten du. Auto ilarak izatean, ordea, denbora bikoiztu ere egin izan zaio. Lanetik etxerakoan, izan ohi ditu Escagüések ilararik luzeenak, batez ere AP-8 autobidean, nahiz eta tarteka arazoak izan dituen Behobiara ailegatzeko ere: «Ilara baldin badago, ordu edo ordu eta erdi artean behar izan dut etxera ailegatzeko, baina tarteka baita gehiago ere. Kasurik okerrenean, bidean lau ordu egotea tokatu izan zait». 

«Estrukturala da Behobiako arazoa»

Ines MATXIARENA

Antzeko egoera bizi du Altzugurenek. Lana tarteko, astean lau edo bortz aldiz joaten da Donostiara eta egun arrunt batean 45 minutuko bidea izaten du joan-etorri bakoitzean. Ilarak diren aldietan, ordea, denborak ezin asmatu ibiltzen da, eta dioenez, azken aldian, «gero eta gehiagotan» ibiltzen da horrela.  Normalean, arazorik handienak lanetik etxerakoan izaten dituela dio, Donostiatik Behobiara ailegatzeko: «Iparraldeko muga itxita dagoenean, pazientzia behar izaten da. Bi erreiak kamioiz betetzen badira bi edo hiru ordu egon zaitezke 45 minutuko bidea egiteko». 

Matxiarenak ere Donostiara egiten du joan-etorria, astean seitan, astelehenetik larunbatera. 30 urte daramatza egunero Donostiara joan- etorria egiten, eta oro har «trafikoa igo» egin dela sumatu du. Egunerokoan Beratik atera eta ordu erdian ailegatzen da Donostian duen dendara. Auto ilarak daudenean, berriz, egunaren eta orduaren arabera aldatzen zaio errepidean ematen duen denbora. Dioenez, auto ilararik ohikoenak uda eta opor sasoian izaten ditu, Donostiatik itzultzean, baina, joaterakoan ere, gero eta gehiagotan egoten da geldirik errepidean Behobiara ezin ailegatu.

Ilarak noiznahi

Matxiarenak esplikatu duenez, bi motatako auto ilarak izaten ditu bidean: AP-8 autobidean Iparraldeko norantzan izaten direnak eta Beratik Behobiarako noranzkoan izaten direnak. Lehenak udan eta opor sasoian, joateko eta itzulerako operazioekin lotu ditu: «Egoerarik onenean 45 minutu ematen ditugu autoan, baina izan daiteke ordubete edo gehiago. Ordubete baino gehiago luzatuko zaigula ikusten badugu, bertze bide alternatiboak pentsatzen hasten gara». 

«Bidean lau ordu egotea ere tokatu zait»

Andrea ESCAGÜÉS

Bigarren ilarak Behobiako biribilguneetakoa dira. Azken urteetan, «pandemiaz geroztik» batez ere, astelehen eta astearte goizetan izaten direla dio, eta Behobia blokeatzen denez, horrek erabateko eragina duela Irun aldera doan errepidean: «Behobian ez zuten hainbertze trafiko aurreikusi eta orain sekulako kamioi pila ibiltzen dira. Biribilgune batean hiru kamioi elkartzen badira trafiko dena blokeatu egiten dute», azaldu du Matxiarenak: «Espainiar estatuan dagoen muga pasabide garrantzitsuenetakoa da, eta erreiak ez daude ongi prestatuak, hor dago akatsik handiena. Arazoa estrukturala da». Kasu horretan, gainera, eragina handiagoa da, itxoin bertzerik ez baita gelditzen.

Bide alternatiboen bila

Autobidean ilarak direnetan, bide alternatiboak bilaka ibiltzen dira gidariak. Matxiarenak azaldu du, Donostiatik etxera itzultzean, Oiartzunen atera, eta handik Gurutze auzoan barna Irunera joan izan direla. «Horrek bidaia 20 minutu inguru gibelatzen digu». Aukera hori «errazena» dela dio: «Azken bizpahiru urteetan hori izan da egin dugun bidea, baina iaz Irun erdigunea blokeatzen hasi zen, eta orain dugun alternatiba bakarra Oiartzundik Aritxulegin barna Lesakara ailegatzea da». Kasu horretan, errepideko denbora luzatu egiten da: «Ordubete eta hogei minutu dira, eta erabat baldintzatzen digu lanera joan-etorria».

Ines Matxiarenaren, Andrea Escagüésen, Ainhoa Altzugurenen eta Karlos Aizpuruaren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk.

Aizpuruak itzulerako orduaren arabera erabakitzen du nondik itzuli. Hala ere, maiz, ezjakintasun handia izaten duela dio: «Zabaltzen duten informazioa ere ez da zuzena, eta aunitzetan, Irun erdialdetik itzultzen bazara blokeatua egoten da, edo Gurutzen barna etorri eta autobidean errei bat libre egoten da…». Egoera ikusita, behin baino gehiagotan itzuli izan da Oiartzunen barrena: «Ederragoa da hori, errepidean kateatuta egotea baino». Escagüések ere onartu du «zaila» izaten dela nondik joan erabakitzea. Tarteka erabili izan du Oiartzungo bidea lanera joateko «Behobiara iristea ezinezkoa zelako». 

Aurretiazko neurriak hartu beharra

Ilarek beren bizitzetan eragin dutela nabarmena da, denek hartu baitituzte neurriak. Escagüesek eguneroko ohiturak aldatu ditu: «Lehen etxean bazkaltzeko ohitura nuen, baina,  orain lanera eramaten dut bazkaria, ilaran bazkaldu gabe eta gosez gelditu izan naizelako». Aizpuruak, berriz, laneko ordutegia eta egutegia moldatu izan ditu: «Ilarak egonen direla aurreikusten badut, ortzegunean ordu gehiago ematen ditut lanean, ortziralean goizago atera eta ilarak ekiditeko».

«Ez dute informazio zuzena ematen»

Karlos AIZPURUA

Altzugurenek muga itxita denetan, ahal dela ekidin egiten du Behobiatik pasatu beharra, baina aunitzetan bertze biderik ez dela egoten dio: «Alternatiba izan daitezkeen bideak ere bete egiten dira, oro har errei bateko bideak direlako». Normalean, 20 minutu edo ordu erdiko aurrerapenarekin ateratzen da etxetik, baina trafiko handia izanen dela aurreikusten duenean, ordubete lehenago ere atera izan da. Itzulerarako berriz, nahiago du ez pentsatu: «muga itxi zuten azken aldian Hernanitik Berara itzultzeko hiru ordu eta erdi eman nituen». Matxiarenak normalean ez du joateko ordutegirik aldatzen, baina itzultzean etxera berandu iristea, «gogorra» egiten zaio, «ez da gauza bera 20:00etan edo 21:00etan iritsi...».

Emozio dantza barrenean

Denei egokitu zaie errepidean geldirik egotea, eta egoerarekin «nekatuta» daude. «Nekagarria da lan txanda bukatu eta etxera ailegatzeko gogoz zaudenean errepidean hainbertze denbora pasatzea». Ez hori bakarrik, «inpotentzia sentitzen dut, bide alternatibo bat  bilatzea ez baita erraza, eta haserrea ere bai, autopista ordaintzen dugulako», dio Escagüések. Antzeko solastatu da Altzuguren: «Denbora galtzea da, inpotentzia. Ezin duzu deus egin». 

«Urteak daramatzagu horrela»

Ainhoa ALTZUGUREN

Hitz bera errepikatu du Matxiarenak ere: «Inpotentzia eta amorrua sentitzen ditut». Behobian gertatzen dena aitzinetik aurreikusi zitekeela dio, eta errepidean dabilen trafiko handia salatu du: «N-121-A errepidea berritu zenean aurreikusi zitekeen hau. Nazioarteko errepide bat da, eta horrelako errepide batek ezin du hainbertze trafiko hartu. Behobiatik Bera 60 kamioi zenbatu izan ditut».  

Eta uda betean gaudela zer? Azken hilabeteetako joera ikusita, litekeena da aurtengo udan ere, aitzinekoetan bezala, auto ilarak luzeak sortzea Behobia inguruan. Haserrea nabaria da denen artean, eta soluzioak eskatzen dituzte errepidean trabatuta ez gelditzeko. «Behobiatik pasatzen garenak izaten gara kaltetuak, eta urteak daramatzagu horrela, gero eta auto ilara gehiagorekin, eta konponbiderik gabe», laburbildu du bizi dutena Altzugurenek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun