Bortzirietako emakume helduen futbol talderik ez da izanen datorren denboraldian

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 4a, 07:00

Gure Txokoako eta Beti Gazteko neska gazteen derbia 2022an. Datorren denboraldian ez da emakumezko helduen talderik izanen Bortzirietan, ez bakoitza bere aldetik, ezta elkarrekin ere.

Gure Txokoa eta Beti Gazteko zuzendaritza batzordeek uko egin behar izan diote taldea ateratzeari, «denboraldi duina bermatzeko behar den gutxieneko futbolari kopurua biltzea» ez dutelako lortu.

 

2025-2026 denboraldian ez da emakumezko helduen futbol talderik izanen. Halaxe jakinarazi dute «tristura handiz» Lesakako Beti Gazte eta Berako Gure Txokoa klubetatik, «aste luzetako lanaren, ilusioaren eta elkarlanaren ondotik». Bi klubek modu koordinatuan lan egin dute Bortzirietan emakumeek futbolean aritzeko aukera izan zezaten. «Proiektu bateratu baten bidez, indarrak elkartu ditugu zailtasunei aurre egiteko asmoz. Nahiz eta urte batzuetan emakumezkoen oinarrizko futbola indartzeko apustua egin dugun, hainbat talde berri sortuz bi klubetan, 2025-2026 denboraldian helduen taldea ateratzeko jokalari eskasia faktore erabakigarria izan da».

Beti Gazteko eta Gure Txokoako zuzendaritza batzordeek adierazi dutenez, «bilerak, deiak, jokalari berriak biltzeko saiakerak eta emakumezko helduen futbolaren aldeko apustua egiten jarraitzeko borondate argia izan arren, talde bat osatzeko eta kirol arloan eta giza arloan denboraldi duina bermatzeko behar den gutxieneko futbolari kopurua biltzea ez dugu lortu».

Berako eta Lesakako klubek aipatu dutenez, emakumezkoen talde bat desagertzea ez da kirol kontua soilik, «galera soziala ere bada. Esperientziaz dakigu emakumezkoen talde batek lehiatzeari uzten dionean, hagitz zaila dela berriro sortu eta martxan jartzea. Horregatik, erabaki hori ez da erraza izan, ezta arinki hartu ere».

Gure Txokoak eta Beti Gaztek eskerrak eman nahi dizkiete «urteetan zehar gure klubetan emakumezkoen taldeen existentzia eta jarraipena ahalbidetu duten pertsona guztiei. Denbora, energia eta konpromisoa eskaini duten jokalariei, entrenatzaileei, ordezkariei, senideei, bazkideei, boluntarioei eta zaleei gure esker ona eta harrotasuna adierazten dizuegu, zuen laguntzarik gabe ezin izanen zen ibilbide guzti hau egin».

Emaitza gorabehera, egindako lanaren balioa aldarrikatzen dute eta «emakumeen kirolak dagokion lekua izan dezan espazioak sortzen jarraitzeko borondatea» berretsi dute Beti Gaztek eta Gure Txokoak: «Etorkizun hurbilean hain beharrezkoa den proiektu bateratu horri berriro ekitea eta gure klubak ordezkatuko dituen emakumezko talde heldu bat berriro martxan izateko baldintzetara iristea espero dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun