Herriarteko pilota txapelketa ttikiko finala jokatuko dute larunbatean Labriten Berak eta Ultzamak

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 3a, 12:30

Laugarren urtez segidan lortu du Berako taldeak finalerako txartela. Argazkian 2023an txapela irabazi zuten pilotariak.

Laugarren urtez segidan, Nafarroako herriarteko pilota txapelketako ttikiko finalerako txartela lortu du Berak. Larunbatean jokatuko dute Iruñeko Labriten eta pilotariak animatzera joateko, autobusa antolatu dute. Ondotik, bazkaria eginen dute Doneztebeko Santamarian.

Uztailaren 5ean, larunbatean 10:00etan hasiko dira Bera eta Ultzamaren arteko partidak eta bertara joateko eta pilotariak animatzeko autobusa antolatu du Bortziriak pilota elkarteak. Telefono bidez apuntatu behar da, 618 11 95 16 zenbakira idatziz edo deituz. Plaza mugatuk izanen dira, autobusa bete arte, eta antolatzaileek jakinarazi dute azken 8 lekuak daudela libre.

Egun osoko plana antolatu dute uztailaren lehen larunbaterako. 08:00etan abiatuko da autobusa Toki Onako aparkalekutik. 10:00etan finalak hasiko dira eta finalak bukatu ondotik, irabazi ala galdu, autobusean joanen dira Doneztebeko Santamaria jatetxera bazkaltzera. 19:30ean aterako da autobusa Doneztebetik Berara. Egun osoko prezio 20 eurokoa da haurrentzat eta 40 eurokoa helduentzat. Bakarrik bazkaltzera joateko apuntatzeko aukera ere badago, otordua bakarrik ordainduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun