‘Denboraren eragina hizkuntzaren garapenean eta hizkuntza nahasmenduetan’ ikastaroa emanen dute Lesakan irailaren 19an eta 20an

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 2a, 19:00

Hizkuntzaren garapenean eta hizkuntza nahasmenduetan denborak duen eragina aztertuko dute Lesakan irailean eginen duten ikastaroan.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du, Uda Ikastaroen barne eta Harriondoan eginen dute.

Azken hamar urteetan bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Denboraren eragina hizkuntzaren garapenean eta hizkuntza nahasmenduetan izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 19an eta 20an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, Osasunbideak eta Elebilab erakundeak antolatua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen, Osakidetzaren, Euskarabidearen, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen  eta Lesakako Udalaren laguntzarekin. Izena eman daiteke www.uik.eus webgunean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamentuak homologatutako ikastaroa da eta 20 orduko balio akademikoa du.

Uda Ikastaro hau bi egunetan eginen da. Ikastaroari hasiera emateko, hitzaldi bat eskainiko da, galderak egiteko aukerarekin, eta segidan, 0 eta 6 adin tarteari buruzko aurkezpenak eginen dituzte. Aurkezpen horiek laburragoak izanen dira, eta bukaeran, mahai ingurua eginen da hizlariekin; bertan, hizlariek ez ezik, bertaratutakoek ere parte hartzeko aukera izanen dute. Bigarren egunak 6 eta 16 urte bitarteko tartea hartuko du, eta bortz hitzaldik osatuko dute, aztergai den gaiaren hainbat alderdi jorratzeko. Bukatzeko, 2024ko azken ikasturtean abian paratu diren bi lanen aurkezpen ttiki bana eginen dute.

Belen Compains da, aurten ere, ikastaroaren zuzendarietako bat, EHUko ELEBILAB Letren Fakultateko Maria Jose Ezeizabarrenarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun