Nafarroako Pilota Federazioak antolatutako Nafarroako Masters jaialdian ariko da Oihan Canabal igantziarra

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 1a

Jaialdian parte hartuko duten pilotarietako batzuk (Oihan Canabal, ezkerretik hasita lehena), Elena Aisa Besarkada Elkarteko presidentearekin eta Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidentearekin.

Uztailaren 4an, ortziralean 18:00etan hasiko da Iruñeko Labrit pilotalekuan Nafarroako Pilota Federazioak laugarren aldiz antolatutako Nafarroako Masters jaialdia, oraingoan Besarkada elkartearen alde, Maite den Norbaiten Suizidioak Jotakoen Elkartea, hain zuzen. Jaialdi honetan, hiru modalitatetan aritzen dira urteko rankingaren arabera, hamabi pilotari onenak, eskuz binaka, larruzko paletarekin eta pala motzarekin. Eskuz binakako partidan, Oihan Canabal igantziarra eta Peio Oskoz, Fermin Arribillagaren eta Aaron Arbizuren kontra ariko dira.

Larruzko paletako partidan, Perez eta Goñi, Berrogiren eta Ziaurrizen kontra ariko dira eta pala motzeko partidan, Iribarren eta Etxabarren, Baronen eta Mayoren kontra. Jaialdirako sarrera 5 euro ordainduko da eta 18 urtez beheitikoek ez dute ordaindu beharko. Biltzen den guztia Besarkada elkartera bideratuko da eta hainbat zozketa ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun