Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak kanpaina berri bat jarri du martxan, eta Hirusta Servicios Educativos - Hezkuntza Zerbitzuak enpresako hezitzaileak eskualdeko etxebizitza guztietatik pasatuko dira, erabiltzaileekin zuzenean solastatzeko. Kanpainaren ardatza materia organikoa (edukiontzi marroia) eta ontzi arinak (edukiontzi horia) izanen dira, baina Mankomunitateko gainerako zerbitzuei buruzko zalantzak ere argituko dituzte. Mankomunitateak kanpaina honetarako dirulaguntza eskatuko dio Nafarroako Gobernuari, Hondakinen Funtsa – Etxekoen Urteko Fluxuaren bidez.
Nahastuta botatzen diren hondakinen kopurua gutitzea helburu
Azken urteotan gaikako bilketan eta birziklapenean aunitz hobetu bada ere, gaur egun oraindik urtean 1.000 tona materia organiko eta ontzi arin baino gehiago biltzen dira bertze hondakin batzuekin nahastuta errefusa edukiontzietan (berdeak).
Mankomunitateak dioenez, «egoera horrek ondorio larriak eragiten ditu ingurumenean, hondakin horietako gehienek zabortegi batean lurperatuta bukatzen baitute». Gainera, ekonomikoki ere aunitzez garestiagoa da Mankomunitatearentzat, eta horrek erabiltzaileei kobratu behar dien tasari eragiten dio.
Birziklatzeak sari bikoitza du
Edukiontzi berdea da denetan garestiena, eta, gainera, ez du inolako dirulaguntzarik hartzen. Aldiz, zabortegira bidalitako tona bakoitzeko kanon bat aplikatzen zaio, Mankomunitateak hiru hilean behin ordaindu behar duena.
Bertze aldetik, Mankomunitateak diru-sarrerak jasotzen ditu edukiontzi urdin eta horietan bereizita bildutako hondakinengatik batez ere, eta horrek zerbitzuaren zati bat ordaintzen laguntzen du.
Gainera, birziklatze-datuak zenbat eta hobeak izan, orduan eta dirulaguntza gehiago hartzen du Mankomunitateak kamioiak eta edukiontziak erosteko, kanpainak egiteko edo zerbitzuak hobetzeko.
Beraz, etxeko hondakinak bereiztea hagitz garrantzitsua da guztiontzat, bai ingurumenaren aldetik, bai ekonomiaren aldetik.