Espainiako trial txapelketan txapeldunorde izan da Uxuri Portu lesakarra

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 1a, 10:00

Hamabi urte bete berritan, Uxuri Portu lesakarra bigarren izan da Espainiako trial txapelketan, 12 eta 15 urte arteko nesken kategorian.

Asteburuan Guadalix de la Sierran (Madril) burututako txapelketan bigarren izan da eta uztailaren 25etik 27ra Katalunian jokatuko den Munduko txapelketarako txartela lortu du.

Espainiako trial txapelketa nagusia jokatu da asteburu honetan Guadalix de la Sierran (Madril). Nafarroako selekzioarekin batera joan da Uxuri Portu Crespo lesakarra eta hamabi urte bete berriak izan arren, 12-15 urteko nesken kategorian aritu da lehen aldiz eta txapeldunorde izatea lortu du, Valentziako Mireia Cervero txapeldunaren gibeletik. Nafarroako selekzioak hirugarren postua lortu du, Katalunia eta Madrilgo selekzioen gibeletik.

Uxuri Portu, eskuinetik lehena, Nafarroako trial selekzioko bertze txirrindulariekin.

Gisa honetara, UCI Trials World Youth Games Munduko txapelketarako txartela lortu du Uxuri Portuk. Uztailaren 25etik 27ra jokatuko da Vicen (Katalunia) eta denboraldi emankor honetako azken proba izanen da txirrindulari lesakarrarentzat.

Uxuri Portu asteburuan Guadalix de la Sierran (Madril). Bigarren izan da Espainiako trial txapelketan, 12-15 urteko kategorian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun